Emakumezkoak eta gerra lotuko ditu Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunearen egitarauaren baitan atondu duten  Emakumea eta Gerra ekimen sortak. Filmen proiekzioa izango da ardatza, baina bestelako ekintza interesgarriak hartuko ditu ere.

Atiq Rahimi afganiarraren The Patience Stone (2012) filmaren fotograma.

Borroka garaia eta emakume protagonistak hizpide dituzten hiru ekitaldik osatuko dute bi asteotan luzatuko den ekimenak. Hala, gaur, martxoak 7, 18:00etatik aurrera egingo dute lehen saioa: Erik Poppe norvegiarraren A Thousand Times Goodnight (2013) filma izango da ikusgai, gerra erreportari baten bizitza kontakizuna.

Datorren ostegunean, martxoaren 14ean, helduko da bigarrena, eta Svetlana Aleksiévich idazlearen Gerrak ez du emakume aurpegirik lana aztertuko dute euskaraz eta gaztelaniaz. Azkenik, martxoaren 15ean, zinea programatuko da berriz: Atiq Rahimi afganiarraren The Patience Stone (2012).

Aipaturiko zikloaz gain, bestelako ekintza osagarriak antolatu dituzte Uhagon Kulturgunean emakumeen hilabetea denerako. Hala, Anonima erakusketaren inaugurazioa egingo dute martxoaren 9an, eta berdintasunari eta emakumeenganako indarkeriari buruzko hausnarketak irudikatuko ditu apirilaren 7ra bitarte.

Martxoaren 17a, ostera, Mireia Gabilondok zuzenduriko Erlauntza antzezlana ikusteko aukera izango da: Txikitako lagun kuadrilla bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean bezala; edo bai…Asteburu eroa izan behar zena, are gehiago erotuko da; trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat. Esaten da erleak direla animalien erreinuan hobekien komunikatzen diren izakiak. Eta dantzan komunikatzen omen dira…