2019ko apirilaren 2tik 5era ospatuko dute 2019ko Huhezinema Euskal Film Laburren jaialdia, eta hasi dira jada edizio berriaren ezagugarriak aletzen. Aurreko edizioetan bezala, hamar film labur hautatu dituzte Sail Ofizialean lehiatzeko.

Urtez urte, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko ikasle talde batek antolatzen du fakultateko film laburren jaialdi ezaguna. Hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta laugarren mailako 16 ikaslek osatutako lan-taldearen esku egongo da, Iban del Campo irakaslearen gidaritzapean.

Deialdi bete film jaso dute aurtengoan, eta onartu dute zaila izan dela hamar finalistak hautatzea. Azpimarratu dute inoiz baino altuagoa dela jaso duten euskarazko filmen kopurua, hamarretik sei, alegia, eta hizkuntza irizpideaz harago, parekidetasuna bermatu dutela ere bai. Izan ere, Sail Ofizialean lehiatuko diren lanetatik bost, erdia, emakume zuzendariek eginak izango dira.

Lanei dagokionez, azken urtean Euskal Herrian ekoiztutakoaren lagin anitza izango dira. Drama da gehien errepikatuko den generoa, baina bada ere animaziozko proposamenik. Inongo finantzaketa publikorik jaso gabe ekoiztuak izan dira gehienak, eta antolatzaileek harro azaldu Ikus Entzunezko Komunikazio Graduko ikasle ohiek zuzendutako hiru film labur daudela horien artean: Miren Mujikaren Shell Phone; Mikel Uralderen Minutuak eta Irati Elortondoren Agnés.

Apirilaren 5ean proiektatuko dituzte lanok Aretxabaletako Arkupe aretoan. Bertan izango dira hautatutako filmen egileetako asko, euren sormen lanak aurkeztu eta ikusleekin partekatzeko, eta beste hainbat gonbidatu gerturatuko dira ere jaialdiari amaiera biribila emateko.

Huhezinemako 12.edizioko Sail Ofiziala osatuko duten lan finalistak:

  • Gogor atzea (Oier Fuentes) 6’56’’
  • Shell Phone (Miren Mujika) 9’42’’
  • Tximeletaren hegaldia (Amaia San Sebastian) 4’41’’
  • Un agujero en el muro (Carlos Moure) 18’30’’
  • Minutuak (Mikel Uralde Arrue) 9’50’’
  • Zain (Pello Gutierrez) 12’36’’
  • Ama (Josu Martinez) 7’20’’
  • Asfixia (Leire Egaña) 4’40’’
  • Agnès (Irati Elortondo) 7’39’’
  • Ancora lucciole (Maria Elorza) 14’23’’