Orain gutxi zendutako Juanmi Gutierrez (1945-2019) zinegilea omenduko du Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldia, Donostia Kultura, Tabakalera, Kresala Zinekluba eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean. Zuzendariaren senideek aukeratutako bi film proiektatuko dituzte martxoaren 12an, Tabakalerako zinema aretoan.

Zinemagintza dokumentalean aditu eta aritua, errealitatearen alde gizatiarrena eta, tarteka, gordinena azaldu dute beti Gutierrezek sortutako lanek. Film laburrak – Cuentos de mayo (1998),  Cronica d´o 25 de Chunio (2005), Hiru kontakizun krudel (2006), Blues del asno(2008), Manuale di ornitologia (2010), eta Zuri (2011) – zein luzeak –besteak beste, Tabula rasa (2004), Bozes Lexanas(2005), Isiltasun kalea (2006), Motema na ngai (2008), Zuzendu mesedez! (2009), Musika Plaza (2010) eta Mur-mur (2012)- sortu zituen, horietatik gehienak dokumentalak.

Bada, bere uzta paregabea osatzen duten lan horietako bi hautatu dituzte Gutierrezen senideek martxoan egingo dioten omenaldian proiektatzeko. Zuzendariak 1982ean Super-8 formatuan errodatutako Itxoiten izango da horietako lehena; emakume baten bizitzaren kontakizunetik, denboraren iragaitea jorratzen duen fikziozko laburra.

Kany Peñalbak, zinegilea zenaren emazteak, ekoiztutako Angor (2007) film luzea proiektatuko dute ondoren. Zinema zuzendaria une horretan lantzen ari zen munduko hilerriei buruzko dokumentalaren prestaketa prozesua kontatzen du filmak. Ustekabean, errealizadoreak bihotz ebakuntza bat izan zuen, eta ezusteko horrek proiektua birplanteatzera bultzatu zuen. Hala, gaixotasunaren inguruan bizitako esperientzia pertsonala eta bere egitekoaren irudiak nahasten dira modu interaktibo batean.

Martxoaren 12an egingo dute ekitaldia, 19:30ean, Tabakalerako 1 zinema aretoan. Herriari zabaldutako omenaldia irudikatu nahi izan dute antolatzaileek eta, beraz, sarrera askea eta doakoa izango da gerturatzen den ororentzat.