2019ko martxoaren 11tik 16ra ospatuko dute Iruñeko Punto de Vista jaialdiaren 13.edizioa. Jaialdiaren atarian iragarri dituzte ikus-entzunezko komunitatearen topaleku izango denaren egitarau eta ezaugarriak.
Ohiko legez, zazpi sail nagusietan banatuko dute zinemaldiaren egitaraua. Sail Ofiziala izango da horietan nagusia, eta bertan lehiatuko dira lehiaketara aurkeztutako 1600 lanen artean aurkeztu dituztenak. Horrez gain, ez-fikziozko zinegileen lana aztertuko duen atzera begirakoa; Dokbizia atala; Ikuspuntu Labs hartu-emana eta sormen kolektiborako espazioa; Foku Garaikidea, nazioarteko zuzendari garrantzitsuenen monografikoak eskainiko dituena; askotariko edukiak bilduko dituzten Saio Bereziak egongo dira, eta aurten lehen aldiz, haur eta gazteei zuzendutako Programa Hezitzailea.
Horrez gain, Jonathan Schwartz zinegilea omenduko du aurtengo edizioak. Zinema esperimentaleko hogei film labur baino gehiago sortu zituen zuzendariak, eta iragan urrian zendu zen 45 urterekin. Haren filmez osaturiko aukeraketa bat izango da ikusgai jaialdian, eta artista estatubatuarraren inguruko lehenbiziko obra argitaratuko dute Garbiñe Ortega jaialdiko zuzendari artistikoaren eskutik.
Anitza eta oparoa
Jatorriari erreparatuta, inoizko ediziorik anitzena izango da aurtengoa, eta, besteak beste, herrialde hauetako filmak izango dira ikusgai: Kanada, Txile, Argentina, Alemania, Ingalaterra, Irlanda, Indonesia, Belgika, AEBak, Frantzia, Mexiko, Iran, India… eta horrelako zerrendetan oso ohikoak ez diren Uzbekistan eta Dominikar Errepublika. Oro har, 18 herri desberdinetako 30 film bilduko ditu jaialdiak, eta hautatu dituzten 30 film horietatik 29 lehiatuko dira epaimahai ofizialak banatuko dituen hiru sariak lortzeko.
Orotara, bost sari banatuko dituzte jaialdian: epaimahai ofizialak banatutako hiru, eta sari berezi bi. Epaimahaiak banatuko dituenak dira nagusiak, eta film onena (10.000€), zuzendaritza onena (5.000€) eta film labur onena (3.000€) errekonozituko dituzte. Sari bereziei dagokienez, film onena hautatzeko aukera izango du publikoak (1.650€), eta film labur onena sarituko dute gazteek (1.500€).
Zinema garaikideko zinemagile handi asko bilduko ditu hamahirugarren edizioak, hala nola Deborah Stratman, Rober Beavers, Eduardo Williams, Luke Fowler… eta memoriaren eraikuntza, soinuaren esplorazioa, amatasunaren eta sorkuntza garaikidearen arteko erlazioa edo erretratuaren kontzeptua bezalako gaiak landuko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte Iruñean.
Horietako batzuk, gainera, jaialdiaren Foku Garaikideen protagonistak izango dira ere. Punto de Vistaren egitarauak bere gain hartzen dituen saio monografikoak dira hauek, eta funtsezko pieza bilakatu dira unean uneko zinemagile nabarmenenak ezagutzera ematerako orduan. Izan ere, artistek ordezkatzen dituzten adierazpen artistikoak publikoari hurbildu, eta horiek abangoardian kokatzen dituzte. Marie Losier, Guy Sherwin, César Vayssié eta Iván Argote izango dira aurtengo protagonistak.
Sarreren salmenta
Salgai daude jada zinemaldiaren baitan egingo diren proiekzio zein ekitaldietarako sarrerak. Online bidez egiteko aukera zabaldu dute, www.baluarte.com edota www.puntodevista.com helbideen bidez, eta jaialdiak iraungo duten egunetan Baluarte atondoan eskuratuko ahalko direla iragarri dute ere.
Izan ere, indartu egingo dute aretoko publikoaren arretarako zerbitzua martxoaren 11tik 16ra bitartean. Jaialdiaren egitarauari moldatzeko, malguagoa izango da ere harrera puntuaren ordutegia:
– Astelehenean, 9:30-13:30 eta 16:00-20:30
– Astearte, asteazken, ostegun eta ostiralean, 9:30-13:30 eta 16:00-22:30
– Larunbatean, 11:00-13:30 eta 16:00-20:30