Zinegoak 2019

Aurtengo Zinegoak amaitu berri da eta berehalaxe hasiko da haren hedapena erakusten Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan zehar (kontsulta ezazu hemen ea zeure herrira ere hedatuko duten).

Palmaresari gagozkiola, Wainuri Kahiuk zuzendutako Rafiki nabarmendu beharra dago, Cannesen inoiz aurkeztu den lehenbiziko film kenyarra. Kenyako hiri batean, gaur egungo bertako gizarteak lesbianismoa nola perzibitzen duen du kontagai. Kahiuren pelikula, hasieran, debekatu egin zuten Kenyan; hala ere, zuzendariaren borrokari esker, azkenik astebetez (!) estreinatzeko  baimena eman zuen epaile batek. Horrela, herrialdeak Oscar sarietara aurkeztu ahal izan du hautagai. Rafiki ez da film itzela (txarra ere ez!), baina haren balioa, batez ere, politikoa da.

Beste saridunetako bat Retablo izan da, eta esan behar da aurten aurkeztutako fikziozko film interesgarrienetako bat gertatu dela, nire iritziz betiere. Bertan Alvaro Delgado-Aparicio perutarrak bere herrialdeko baserri-eskualde batean homosexualitateak pizten dituen fobiak azaleratzen ditu senar-emazteen arteko, aita-semeen arteko, eta, oro har, gizarte harreman (tradizional)ak tarteko.

Era berean, Alejandro Zuno mexikarraren Oasis film laburra goraipatu behar da. Delgado-Aparicioren filmaren antzeko gaia jorratzen du; hala ere, laburra are iradokorragoa iruditu zait ikuslearen parte hartze handiagoa eskatzen baitu, hainbat zinema-baliabide erabiliz.

Amaitzeko, aipa dezadan Zinegoak hasi aurretik ikusmin gehien eragiten zidan filma; Les garçons sauvages, alegia. Les Cahiers du Cinema aldizkari itzaltsuak 2018ko film hoberentzat jo zuen abenduan eta, film guztiz arraroa bada ere, erreferente asko dituen pelikula da: Orange clockwork, Lord of the flyes, Island of lost souls, eta Jean Cocteau bera aipa litezke, besteak beste.

Adierazi behar da Bertrand Mandicoren film-eszenaratzea zeharo artifiziala dela; nolanahi ere, zuzendari frantziarrak ederto darabiltza dekoratuak, argazkia, eta hainbat irudi eta gertaera surrealista, baita castinga bera ere! (5 aktoresak gorpuzten dituzte fikziozko 5 rol maskulinoak)

Susmatu daitekeenez Mutiko basatiak ez da film samurra gertatzen; hortaz, ez pentsa filmean ematen diren gakoak di-da batean igartzeko modukoak direnik. Zalantzarik gabe, Mandicoren opera prima pelikula Queer bat da, film erabat sinboliko bat non sexu-aldaketa den hizpide hasieratik amaieraraino; harekin konektatuz gero, kultuzko film bat ikusiko duzu.