Bi astez luzez Bilbo hiria jarduerez blaitu ostean, igande gauean eman zituen aditzera Zinegoak jaialdiak aurtengo edizioaren irabazleen izenak. Wainuri Kahiuk zuzendutako Rafiki pelikula kenyarra, eta intersexualitatearen gaia azaleratzen duen Ni d’Éve ni d’Adam. Une histoire intersexe filmak izan dira garaile.

Wanuri Kahiu zuzendariaren ‘Rafiki’ filmaren fotograma. Saridun nagusietako bat da filma.

Genero-adierazpenaren lanketak behar zuen 2019ko Zinegoak jaialdiaren helburu nagusietako bat, identitate pertsonal desberdinen adierazpen aske eta beldur zein lotsagabea. Esan eta egin. Igaro da hamaseigarren edizioa, eta mostra osoan zehar nagusi izan den ikusgarritasun aldarria izan da ere nagusi sariak banatzeko garaian.

“Orain dela hiru urte ezin nuen gai honen inguruan aritu, eta egun sari bat jasotzen ari naiz hemen”. Harrotasun hitz hauek lagun eskertu zuen Ni d’Éve ni d’Adam.Une histoire intersexe filmaren protagonistak jaialdian jasotako errekonozimendua. Izan ere, DOK saria eta Giza Eskubideen Sari Nagusia eskuratu ditu filmak; eta, halaber,  publikoaren harrera positiboenetarikoa izan du “LGTBI letretako “i” horrek barnebiltzen duen guztia ikusgarri izatea lortu duelako”.

Rafiki izan da palmares nagusiaren bigarren protagonista. Zuzendaritza aitortu zion lehenik epaimahaiak, eta Lesbianismo eta Generoaren saria zein Giza Eskubideen Saria heldu ziren ondoren. 300 ikusletik gora bildu ditu filmak izan dituen bi emanaldietan.

Fikziozko (FIK saila) lan onenari dagokionez, ex-aequo banatu dute Alvaro Delgado-Apariciok zuzendutako Retablo eta Natasha Merkulova eta Aleksey Chupovek zuzendutako The Man Who Surprised Everyone lanen artean. Epaimahaiaren arabera, bi filmek “oso modu zehatzean” islatzen dituzte teorian atseginak diren, baina bortizkeria gordina ezkutatzen dituzten munduak. FIK saileko gidoirik onena, aldiz, Yen Tanek gidatutako 1985 lanak jaso du, “LGBT komunitatearen une historiko batean, gazte baten drama pertsonal eta familiarraren tentsio eta zirrarak batzeagatik”.

Partekatua izan da ere KRAK sail berriko film onenari banatutako errekonozimendua. Alde batetik, Bertrand Manricoren Les Garçons Sauvages lanari egin diote aitortza, “munduaren salbazioa feminismoaren bidez aurkeztuz, atmosfera magiko eta onirikoa lortzeagatik”; eta, bestetik,  Evangelia Kraniotiren Obscuro Barroco lanari, “bere proposamen estetikoagatik, eta Brasilgo erreferente bi lan bakar batean batzeko gaitasuna izateagatik”.

Berte partetik, Felix Maritaud aktorea saritu du Euskal Aktoreen Batasunak. Antzezpen Onenaren saria jaso du frantsesak, Sauvage filmean benetako pertsonai bat antzezteko azaldutako gaitasunagatik. Natalya Kudryashovak eskuratu du Bigarren Mailako Antzezpenik onenaren saria, The Man Who Surprised Everyone filman egindako lanagatik.

Publikoaren sariari dagokionez, bestalde, Reinout Hellenthalek zuzenduriko Anders / Something about Alex izan da boza gehien eskuratu dituen filma. Carolina Markowiczek landutako O Órfao lana saritu du Epaimahai Gazteak, eta, balantzaren beste aldean, Oasis lana errekonozitu du aurten lehenengo aldiz osatu dute Senior Epaimahaiak.