Bilboko Zinegoak – Gaylebostrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak bere tokia izango du Donostian, martxoaren 4tik 6ra hiriko Antzoki Zaharrean ikusgai izango den mostra txiki baten bidez. Bi film luze eta labur sorta bat proiektatuko dira, orotara.

Genero-adierazpenaren lanketa izan da Zinegoak zinemaldiaren aurtengo edizioko helburu nagusietako bat, eta horri begira sortu dute Lumaz harro leloa: “Norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea aldarrikatu nahi dugu. Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazi eta lau haizetara zabaltzeko”. Bi asteko iraupena izan duen jaialdia baliatu dute horretarako, eta Donostian izango dira orain aldarria zabaltzen.

Aurreneko bi egunetan Rafiki (2017) eta Ni d’Ève ni d’Adam. Une histoire intersexe (2018) film luzeak proiektatuko dituzte, erakustaldia otsailaren 6an amaituko da film labur sorta batekin. Bost euroko prezioa izango dute emanaldiek, eta Antzoki Zaharreko lehilatilan bertan eskuratu ahalko dira sarrerak.

Hauek izango dira egunez eguneko saioak:

– Martxoaren 4ean:  Rafiki (Wanuri Kahiu, 2017).
“Neska keniar jatorrak emazte keniar onak dira”, baina Kena eta Ziki ez dira horrekin konformatzen. Euren familiak lehiakide politikoak dira, baina neskei bost axola zaie eta lagunak egingo dira. Babesa aurkituko du batak bestearengan eta, gizarte kontserbadore horretan, euren ametsak bilatzen lagunduko diote elkarri. Euren arteko maitasuna pizten denean, hautatu egin beharko dute: zoriontasuna ala segurtasuna.

– Martxoaren 5ean: Ni d’Ève ni d’Adam. Une histoire intersexe (Floriane Devigne , 2018).
Pieza hau hausnarketa bat da, intersex diren pertsonek euren gorputzaz jabetzeko eta euren identitate propioa eraikitzeko bideei buruzkoa. Hainbat galdera jaurtitzen ditu ere, esaterako, gure gizarteak, arau sozialen izenean, noraino heltzeko prest dauden; edo zer esan nahi duen gizon, emakume edo… bietatik pixka bat izateak.

– Martxoaren 6an: Film laburrak

Ondas mareadas (Inés Aledo Ricarte, Amaia Araiztegi Mendibe, Jone Garitano Orue, Alberto Gómez Andino, Aitor Ibarguren Balenciaga, Paty Ortiz de Zárate Otaduy , 2019).
Marianak zerbait dauka kontatzeko….

Hilabetean behin (Raquel García León , 2018).

Emakume batek orain arteko bizimodua atzean utziko du: bikotekidea eta etxea utzi, eta bizitza berria hasiko du. Badaki etapa berri hau emakume batekin partekatu nahi duela, eta bere bila hasiko da, ustekabean aurkitzen duen arte.

Après le silence (Sonam Larcin , 2018).

Davidek maite duen gizona atzean utzi behar izan du herrialdetik ihes egitean. Baina berataz oroitzen da, beraien bizitzaz, ezkutatzen saiatu ziren alde hartaz.

The Things You Think I’m Thinking (Sherren Lee , 2017).

Sute baten ondorioz anputazioak izan dituen gizon beltz batek zita bat izango du arauak ezarritako kanonak betetzen dituenbeste gizon batekin.

Would You Look At Her? (Goran Stolevski , 2018).

Neska tomboy eta egoskor batek gizonezkoentzat bakarrik den erlijio-erritual batean aurkituko du bere arazo guztien konponbidea.

Oasis (Alejandro Zuno, 2017).

Ofelia Oasis izeneko gayen tabernara doa bere senarraren bila. Gau horretan, atsekabeaz gain, kontsolatuko duen ezusteko lagun bat ere aurkituko du.

Something About Alex (Reinout Hellenthal, 2017).

Alex nerabe problematiko eta bakartiak benetako lagun bat aurkitu du: Hendrik, arrebaren mutil-laguna. Hendrikek eta Anneliesek familia-etxetik joateko asmoa dutela iragartzen dutenean, Alexek bere kezkei aurre egin beharko die.

Alde erantzia (Deiane Moreno, 2018).

Harreman bakoitzean erabakitzen dugu nola bizi, zer eta nola izan. Garen bezalakoak izan gaitezke, edo garena izateari utzi eta gure gorputz eta buruak mugatu. Hona hemen Donostia, goizeko ordu batean.