Zabalik da 2019ko Kimuak deialdia

KIMUAK programaren 2019ko ediziora film laburrak aurkezteko epea martxoaren 1etik maiatzaren 24ra bitartean egongo da zabalik. Udaberriarekin batera, “euskal laburgintzan ernatzen diren kimuak” jasoko dituzte, munduko txoko guztietara eramateko.

Hogeigarren urteurrena bete du iaz Kimuak egitasmoak. Euskadiko Filmategiaren ekimenez sortu zuten 1998an, eta, ordutik, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin euskal film laburrak nazioartean sustatzea eta banatzea izan dute jardun nagusia. Deialdi bat zabaltzen dute urtero, jasotako lan guztiak aztertu eta EAEn ekoiztutako zazpi bat film laburren aukeraketa osatzen dute horiekin. Ondoren, lan hauek azpititulatu, eta mundu osoko zinema jaialdietara banatzen dituzte.

Ohi bezala, edozein gai, genero, formatu zein hizkuntzatan errodatutako lanak onartuko dituzte, baldin eta 30 minututik beherako iraupena badute (kredituak barne). Parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2018ko ekainaren 1etik aurrera sortutakoak badira.

Lanen egileei dagokienez, EAEn erroldatuta egon beharko dute, gutxienez, deialdia kaleratu baino urtebete lehenagotik. EAEn jaiotakoek, ordea, gutxienez bost urtez jarraian bertan bizi izan direla frogatu beharko dute, eta jarrian ez bada, hamar urtez guztira. Aldiz, ekoizpen etxeak EAEn izan behar du egoitza, eta koprodukzioen kasuan, EAEko ekoizleak izan beharko du proiektuaren gehiengoa.

Zuzenean baztertu egingo dira komertzialki estreinatuak izan diren, edota telebista, internet edo beste edozein plataforma publikoren bidez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanak 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da gehienez.

Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 31 izango da, eta une horretatik aurrera, hautespen batzordea hasiko da lanean. Amaitu gabeko lanak aurkezteko aukera ere badago, baldin eta muntaketa behin betikoa bada; proiektua aukeratua bada, uztailaren 1erako aurkeztu beharko du egileak bukatutako lana. Epe hau ez betetzeak kanporaketa ekarri lezake.

Ikusi deialdiaren oinarriak eta iazko deialdian aurkeratutako lanak.