Apirilaren 5etik 12ra luzatuko da Donostiako 17. Giza Eskubideen Zinemaldia, eta pixkanaka giroa berotzen joateko, antolatzaileek egitaraua izango denaren xehetasun batzuk aurreratu dituzte. Tartean, jakin dugu Fernando Bernuesen Soinujolearen Semea filmaren proiekzioak zabalduko duela jaialdia.
Hilabete luze falta den honetan, aurrerapen mokadutxoa prestatu dute Donostia Kulturak eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak antolatutako zinemaldiaren arduradunek. Pantailan ikusiko ditugun gaiak zeintzuk izango diren azaldu dute, aretoetatik igaroko diren hamar bat filmen izenburuak ezagutu ditugu, eta zinemaldiarekin paraleloki ospatuko diren hainbat erakusketen berri izan ahal izan dugu.
Euskal film bat protagonista
Antzerkirako egin zuten moldaketak jasotako arrakastaren ostean, zinemarako egokitu dute ere Bernardo Atxaga idazlearen Soinujolearen Semea eleberri ezaguna. Hiru garai desberdinetan banatu dute adiskidetasuna, traizioa eta indarkeria nahasten dituen istorioa (haurtzaroa, 20 urteetako gaztetasuna eta, azkenik, 50 urte ingurukoa) Euskal Herriko istorioaren ikuspegi desberdinak biltzeko helburuarekin. Fernando Bernues donostiarraren Soinujolearen Semea filmak zabalduko du jaialdia, apirilaren 5ean, Victoria Eugenia Antzokian.
Zuzendariaren usteetan, Filmak “beste edozein istoriok baino hobeto” islatzen du zer-nolako pultsio konplexu eta tirabiratsua bizi izan zen Euskal Herriko gizartean, politikan, kulturan, bizimoduan eta, oro har, emozioetan joan den mendearen erdialdetik 90eko hamarkadaren amaierara bitartean: “Sentimenduetan jartzen du indarra Soinujolearen semea lanak (…) Iraganaz hitz egiteko eta sozialki metaforikoa izan daitekeen isiltasuna apurtzeko azken aukera izan dezaketeen aspaldiko lagun minen laguntasunaren bitartez”.
Proiektu indartsua da, eta sona handiko profesional ugarik osatu dituzte talde artistiko zein teknikoak. Lehenegoari dagokionez, Aitor Beltran eta Iñaki Rikarte dira protagonista nagusiak, David eta Joseba protagonisten larruazalean jarriko direnak. Zerrenda artistikoan ageri dira ere Cristina Merchan, Bingen Elortza, Mikel Losada, Asier Hernandez, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Miren Arrieta, Laia Bernues edota Eneko Sagardoy. Tentazioak eta Abra Produkzioak ekoiztetxeen arteko elkarlanaren emaitza da proiektua, eta Filmax eta Barton Films izango dira banatzaile lanetan arituko direnak. Filmak, gainera, sortu berri den San Sebastian – Gipuzkoa Film Commission erakundearen laguntza jaso duen lehena izan da.
Hamaika gaien isla
Urtero lez, gaurkotasunaren lehen lerroa betetzen duten gai ugariri helduko die jaialdiak erakutsiko dituen filmen bitartez: migratzaileak hartzeko herritarren sareak (Paseko Txoriak), gela garbitzaileen erreibindikazioa (Hotel Explotación: Las Kellys), edo Saharan gazteek bizi duten egoera (Hamada). Horrez gain, Balkanetako Gerra (The Load), Khmer Gorrien sarraskia Kanbodian (Funan), edota Nelson Mandela eta bere kideen aurkako epaiketa (The State Against Mandela and the Others) ikusiko ditugu ere.
Euskal jatorria duten bestelako proiektuak izango dira, Fernando Bernuesen inaugurazio filmaz gainera. Hala, Eneko Olasagasti zinegileak Hilos de Sororidad filma aurkeztuko du, Bortizkeria sexistaren matazak proiektuaren historia kontatzen duen dokumentala. Bestetik, zendu berri den Juanmi Gutierrez errenteriarrak zuzendutako azken proiektua da Paseoko Txoriak, eta migratzaileen afera izango du hizpide.
Filmen proiekzioa baino askoz gehiago
Hainbat saio egingo dituzte jaialdiak iraungo dituen egun bakoitzean, baina horietako batzuek bakarrik izango dute emanaldi osteko solasaldirik. Hain zuzen, 19:00etako proiekzioen ondoren egingo dituzte elkarrizketak. Gaurkotasuneko zenbait gaietan sakonduko dute horietan, eta pelikulen ordezkariez gain, giza eskubideen alorrean dihaduten profesionalek, aktibistek eta erakundeek hartuko dute parte.
Bestalde, erakusketa ugari antolatuko dura jaialdiaren testuinguruan: Gros auzoko Okendon izango da ikusgai Isabel Muñozek sinatutako Kongoko Emakumeak; Aiete K.E-n Rohingya exodoa izeneko mostra ipiniko du Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak; eta, azkenik, The Last Man on Earth izeneko bilduma izango da ikusgai FNAC dendan.