EAEko hiriburua hartuko du datorren astean Mendi Tourrek, Bilbao Mendi Film Festivaleko pelikula onenak biltzen dituen mostra ibiltariak. Gasteizen atondu dituzte emanaldiak, Vital Kutxa Fundazioaren aretoan, martxoaren 4an, 6an, 7an eta 8an.
Oro har, mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izan dira 2018ko edizioak jaso dituenak, eta horien artean arrakasta gehien izandakoak zabalduko ditu Mendi Tourrek. Modu honetara, jaialdira hurbiltzerik izan ez zuten zaleei gerturatuko diete film espezializatuak ikusteko aukera.
Sarrerak gaurtik, otsailaren 26tik, aurrera egongo dira salgai, Estadio Fundazioa edota Vital Fundazioaren egoitzetan. Horrez gain, eskuragarri egongo dira ere saioen egunean, aretoaren leihatilan, emanaldiak hasi baino 45 minutu lehenago. Bost euroko prezioa izango dute; Estadio Fundazioaren abonatuentzat salbu, 3€-tan salduko baitira horientzat.
Lau egunetan egingo dituzte saioak, martxoaren 4an, 6an, 7an eta 8an, eta zazpi film proiektatuko dituzte orotara:
The Dawn Wall
2015eko urtarrilean, Tommy Caldwell eta Kevin Jorgesonek erronka itzelari egin zioten aurre: Yosemiteko Parke Nazionalean (Kalifornian) dagoen The Dawn Wall eskalatzea. Eskalaezina zirudien ia 1000 metroko hormatzarrari eutsi ziotenean, mundu osoaren arreta bereganatu zuten.
Tommy Caldwellentzat, ordea, The Dawn Wall eskalada huts bat baino askoz gehiago zen. Esperientzia gogorrak gainditu behar izan zituen haren bizitzan, eta lorpen hura bizitza osoan zehar jorratutako proiektuaren egikaritzea izan zen. Dedikazioaren muga obsesioarekin nahastera iritsi zen arte, Caldwell eta bere kide Jorgesonek sei urtez antolatu eta entrenatu zuten eskalatu beharreko bidea. Azken saiakeran, eta mundu osoa haien peskizan dagoela, muturreko erabakiak hartu beharko dituzte.
The Search for the Wooo
Wooo fikziozko sinbolizazio bat da, eremu berrietan esploratzeak eragiten duen zirrara eta dibertsioaren adiera bat. David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera utzi eta surfa eta psicobloc-a egingo dituzte Eskozian. Film labur originala, dibertigarria eta psikodelikoa, Kepa Acero surflari ezaguna ere tarteko dela.
This Mountain Life
Martina eta bere ama Tania, 60 urtekoa, sei hilabeteko eski-zeharkaldi batean menturatuko dira, Kanadako mendebaldeko kostaldeko mendi arriskutsuetan barna. Paraje harrigarriez gain, beren abenturan itzal handiko pertsona liluragarriekin egingo dute topo.
Liv Along the Way
Gaztetxoa zela jo zuen Mont Blanc gailurra lehen aldiz, eta une beretik ohartu zen Liv Sansoz mendia zuela maite, eta mendiari loturik biziko zela. Birritan izan da kirol eskaladako munduko txapeldun, eta eskalada mistoan, mendiko eskian eta base-jauzian ere nabarmendu da. Berrogei urterekin, Liv berebiziko erronka bati ekitekotan da: Alpeetako 4.000 metroko 82 gailurrak urte bakar batean eskalatzea.
The Weight of Water
Itsua izan arren, Erik Weihenmayerrek beti aurre egin nahi izan die bere beldurrei. Kasu honetan, itota hiltzeak sortzen dion izuari. Hori dela eta, kayak bat hartu eta AEBetako Grand Canyon edo Arroila Handia zeharkatzea erabakiko du, erronka honetan lagun izango dituen beste taldekide batzuekin.
Notes from the Wall
Sean Villanueva, Nicolas Favresse eta Siebe Vanhee Paineko Dorretara (Txile) itzuliko dira, Patagoniako biderik zailenetako bat, “El regalo de Mwono”, era askean eskalatzeko asmoz. 1.200 metroko lerro bat da, Erdiko Dorrearen ekialdeko aurpegian. Film honetan, umorea, musika, konpromisoa eta adiskidetasun estua nahasten dira munduko big wall basatienetako batean.
Everest Green
Everest mendian, abenturaz harago, errealitate ekologiko eta humano tragikoa ezkutatzen da. Hondamendia tontorrean bertan hasten da, itsasoaren gainetik 8.848 metroko altueran, eta Katmanduko zabortegi irekietaraino iristen da. Ez alferrik, planetako hiririk kutsatuenetako bat da Nepalekoa. Non datza alpinismoaren eta turismoaren arteko aldea? Zer ondorio ditu egoera horrek?