Datorren ostegunean, hilaren 28an, Kimuak 2019 sorta osatzen duten film laburren lehen emanaldi publikoa egingo dute Donostiako Tabakaleran. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta filmen egileak izango dira bertan beren lanak aurkezten.
Hogeigarren urteurrena bete du aurten Kimuak egitasmoak. Filmategiaren ekimenez sortu zuten 1998an, eta, ordutik, euskal film laburrak nazioartean sustatzea eta banatzea izan dute jardun nagusia. Deialdi bat zabaltzen dute urtero, jasotako lan guztiak aztertu eta EAEn ekoiztutako zazpi bat film laburren aukeraketa osatzen dute horiekin. Ondoren, lan hauek azpititulatu, eta mundu osoko zinema jaialdietara banatzen dituzte.
Maddi Barberren 592 METROZ GOITI, Josu Martinezen AMA, Maria Elorzaren ANCORA LUCCIOLE, Iban del Camporen ESPEDIZIO HANDIA, Miguel Ángel Jiménezen KAFENIO KASTELLO, Sara Fantovaren NO ME DESPERTÉIS eta Pello Gutiérrezen ZAIN izan dira 2018ko katalogoak jasotako lanak.
Film labur sorta honek iragan Donostia Zinemaldian hasi zuen ibilbidea, eta orduz geroztik 109 aukeraketa eta 13 sari eskuratu ditu guztira. Rotterdam, ZINEBI, Euskal Zine Bilera, SEMINCI, ALCINE, Visions du Réel, ABYCINE, Bogoshorts, Porto/Post/Doc eta Aguilar de Campoon ospatzen den jaialdietan parte hartu ostean, ostegunekoa izango da publiko zabalari zuzendutako lehen emanaldia, eta egileak bertan izango dira proiektuen inguruko zehaztasunak ematen.
Salgai daude jada emanaldietarako sarrerak, eta Tabakalerako InfoPuntua zein Kutxabanken webgunean eskura daitezke.