Telmo Esnal eta Asier Altuna zinema zuzendariak EHUn izan ziren joan den astean, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzen Fakultatean. Besteak beste, Aupa Etxebeste eta Agur Etxebeste! filmez eta zinemaren sektoreko kontu ezberdinen inguruan jardun zuten solasean saiora bertaratutako 80 ikaslerekin.

Bea Narbaiza irakaslearen gidaritzapean,  Aupa Etxebeste! (2014) filmaren inguruan aritu ziren hizketan solasaldiaren lehen zatian: pelikula egiteko ideia nondik jaio zen, sortze prozesuaren abiatzea eta garapena, filmak izandako arrakasta eta euskal zinemagintzarentzat suposatu zuen mugarria… Zuzendariek adierazi zutenez, filma estreinatu aurretik ez zuten espero gerora izandako oihartzuna eduki zezakeenik. Pozik azaldu ziren, haien usteetan “ia ezinezkoa” baita film baten arrakasta aurreikustea.

Ezusteko harrera bikain hura izan zen, besteak beste, Agur Etxebeste! bigarren zatia errodatzeari ekiteko arrazoietako bat, eta, hain zuzen, amaitu berri duten lanari buruzko azalpenak eman zituzten zuzendariek hizketaldiaren bigarren atalean. Azaldu zutenez, garaiko lantalde bera bildu dute bigarren film honetarako ere, eta horrek suposatzen duen zailtasuna dela eta, balioan jarri beharreko ezaugarritzat jo zuten. Pozik azaldu ziren errodajearekin, eta gustura daude ere edizio fasean egiten ari diren lanarekin.

Lanarekiko ilusioa eta grina

Ikus-entzunezko ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzendutako hizketaldia izanik, zinema sektoreko ofizioei buruzko galderak egin zizkien moderatzaileak bi gonbidatuei. Esnalek eta Altunak beren hastapenak nolakoak izan ziren azaldu zuten, eta, beste ezeren gainetik, zinean lan egiteko “ilusio eta grina ikaragarriak” zituztela nabarmendu.

Hala, aholku bat eman zieten zinema munduan sartu nahi duten ikasleei: “Hasi zinema egiten. Egun, baliabide informatiko eta digitalekin, edonork grabatu dezake bideo txukun bat. Baliatu aukera hori”. Telmok adierazitakoaren arabera, “zinema gaizki egitea” da ikasteko gakoa, eta egite horrek duen garrantzia berretsi zuen behin baino gehiagotan.

Azkenik, lotsak galdu eta ateak beldurrik gabe jotzeko aholkua eman zieten gazteei: martxan diren errodajeak zein diren bilatu, eta horien arduradunei lana eskatzekoa. Esnalek azaldu zuen bera “pelma samarra” izan zela, eta askotan aurkeztu zuela bere burua bere inguruan egiten zituzten filmatzeetara, eta, bere partetik, Asierrek kontatu zuen zuzendari izan arte hamar urte baino gehiago eman zituela errodajeetan bestelako lanak egiten. Indartsu izan, eta lehen urteetan “gogo eta kemen handiarekin” jarduteko gomendioa emanez amaitu zuten saioa zuzendariek.