Aurkeztu dute Thinking Football Festival jaialdiaren 7.edizioa. Martxoaren 18tik 22ra ospatuko dute Bilbon, Athletic Club Fundazioaren ekimenez, eta futbolaren alde gizatiarra jarriko du erdigunean.

Zinema eta futbola uztartzen dituen jaialdia da Thinking Footbal Film Festival. Azken mendean futbolaren inguruan sortu den fenomeno sozialetik abiatzen da, horren indarra eta garapen sozial zein globala ulertzeko gakoak eskainiz. Athletic Club Fundazioak bultzatuta, BBK eta Euskaltelen babesarekin, gehienez ere 20 film inguruko aukeraketa bat aurkezten dute urtero, futbolaren bidez giza istorioak jorratzen dituzten ikus-entzunezkoak.

Zazpigarrena izango da martxoaren 18tik 22ra bitartean egingo dutena eta, besteak beste, AEB, Iran, Erresuna Batua, Txina, Suedia edota Errumaniatik ekarritako lanak izango dira ikusgai. Saio bakoitzaren ondoren filmaren inguruko debate txiki bat egingo da, eta zuzendariak edo protagonistaren batek hartuko du parte. Publikoak filma baloratuko du eta, jaialdia amaitzen denean, Thinking Football Film Festivaleko Publikoaren Saria banatuko dute.

Jaialdiaren hasieran  banatuko diote iragan edizioko Ikusleen Saria Stewart Sugg zuzendariari, Kenny filmagatik. Liverpool-eko Kenny Daglish legendazko jokalariaren istorioa kontatzen da bertan, eta iazko proiekziorik onena aukeratu zuen publikoak.  Bestalde, Zimbalist anai ospetsuen Nossa Chape izango da jaialdian proiektatuko duten lehen pelikula, Chapecoense futbol taldearen tragediari buruzkoa; eta Kaiser dokumentala, futbolari izan gabe Botafogo, Flamengo, Fluminense edo Vasco da Gama punta-puntako talde brasildarretan aritu zen iruzurti baten bizitzari buruzkoa, izango da amaierako filma.

Emakumezkoen futbola eta kirolean ematen den homofobioa izango dira pantaila handian islaturik ikusiko ditugun beste gai batzuk. Ikusi hemen egunez eguneko emanaldien egitaraua.