Euskal zinemak Katalunian zabalduko duen erakusleihoa izango da Zinemaldia.cat jaialdia beste urte batez. Martxoaren 14tik 17ra egingo dute, eta berriki estreinatu diren edota oraindik ikusi gabeak diren puntako euskal lanen lagin erakargarria erakutsiko dute.

1979an sortu zen Bartzelonako Euskal Etxea eta, ordutik, euskal kultura Katalunian hedatzeko eta ezagutzera emateko ardura izan du. Hala, aurten ere, Zinemaldia.cat jaialdia antolatuko dute eta dagoeneko aditzera eman dituzte erakustaldian parte hartuko dute ikus-entzunezkoak. Ohi bezala, Cinemes Girona aretoetan egingo dira proiekzioak, zuzendariek lagunduta eta emanaldi osteko gidatutako solasaldiekin.

Dokumentalak lehian

Sei film luzek osatuko dute aurtengo Sail Ofiziala. Horien artea, bi fikziozkoak izango dira: Telmo Esnalen Dantza eta Koldo Almandozen Oreina. Jaialdia zabalduko duten lanak izango dira, eta ez dira gainontzeko besteekin lehiatuko. Izan ere, dokumentalak izango dira soilik Azkue Fundazioak babestutako sari nagusia eskuratu ahal izango dutenak: Oier Aranzabalen Margolaria, Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa,  Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen eta Marina Lameiroren Young & Beautiful.

Azken urteetan irabazi duten garrantziaren isla, film laburrek ere tokia izango dute jaialdiko antolatzaileek mimoz atondu duten programazioan. Hala, Euskadiko Filmategiak osatzen duen Kimuak katalogoko aleak izango dira ikusgai, “beste izen batzuk eta, batez ere, beste begirada batzuk”. Orotara, zazpi sorkuntza lan izango dira: 592 metroz goiti (Maddi Barber), Ama (Josu Martinez), Espedizio Handia (Iban del Campo), Ancora Lucciole (Maria Elorza), Kafenio Kastello (Miguel Ángel Jiménez), No me despertéis (Sara Fantova) eta Zain (Pello Gutiérrez).

Poltsiko guztien neurrira

Euskal Etxearen oinarrietako bat da kultura denon eskura zabaltzea. Zinemaldia.cat jaialdiaren sustatzaile nagusiak izaki, ekimen irisgarria izan dadin jarri dute indarra. Hori dela eta, 4€-tan eskuratu ahal izango dira sarrera orokorrak. Euskal Etxeko bazkideen kasuan, gainera, euro bateko deskontua ezarriko da, eta 3€-ren truke eskuratuko dituzte.

Hauek dira, bada, programatuko dituzten emanaldiak:

  • DANTZA (Telmo Esnal). Martxoaren 14an, 20:00etan. Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • OREINA (Koldo Almandoz). Martxoaren 15ean, 20:00etan. Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • MARGOLARIA (Oier Aranzabal). Martxoaren 15ean, 22:00etan. Zuzendariaren aurkezpenarekin.
  • MUGA DEITZEN DA PAUSOA  (Maider Oleaga). Martxoaren 16an, 18:00etan.
  • JAINKOAK EZ DIT BARKATZEN (Josu Martinez). Martxoaren 16an, 20:00etan.
  • YOUNG & BEAUTIFUL (Marina Lameiro). Martxoaren17an, 20:00etan.
  • KIMUAK 2018 (film laburren aukeraketa). Martxoaren 17an, 20:00etan.