Maiatzaren 2tik 11ra bitartean ospatuko dute FANT – Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25.edizioa. Urteurrenaren berezitasunagatik, ekitaldi osagarri ugariz hornituko dute jaialdia, tartean maiatzera bitarte iragarri dituzten generoko lanen estreinaldia bereziak.

Gaur, otsailaren 21a, egingo dute lehena. Karyn Kusamaren Destroyer (2018) film estatubatuarra izango da ikusgai, zinema beltza zein polizia thrilerren elementuak nahasten dituen proposamen interesgarria. Saioa 20:00etan hasiko da, Golem-Alhondiga zinema-aretoan, eta doakoa izango da sarrera aldez aurretik gonbidapena jasotzen duten horientzat. Interesatuek aretoaren txarteldegira jo beharko dute horretarako, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.

Iraganean desertuko delinkuente banda arriskutsu batean infiltratutako polizia da Erin Bell (Nicole Kidman) protagonista. Polizia operazio hark ustekabeko ondorio latzak eragin zituen emakumearengan, urteen igarotzarekin apaltzen joan den mina. Haatik, ikertu zuen mafia horretako buruaren agerpenarekin, minak, antsietateak eta krisi existentzialak itzuliko dira protagonistaren burura.

Filmak kritikaren babesa izan du igaro dituen nazioarteko zinemaldi guztietan (Tellurid eta Toronton, esaterako), eta, betetzen duen paper bikainari esker, Emakumezko Aktore Onenaren Urrezko Globoa jasotzeko hautagai izan zen Nicole Kidman protagonista.

Estreinaldi bat hilabeteko
Hilean behineko estreinaldiaren eredua jarraituko du FANTek maiatzera bitartean. Hala, martxoaren 7an egingo dute hurrengoa, eta Koldo Serra zuzendariak aurkeztuta, 70 binladens (2019) filma ikusteko aukera izango da.