Eskola eremura zabalduko dituzte beste urte batez Giza Eskubideen Zinemaldiak sustatzen dituen eztabaidak. Hala, 17.edizioa izango denean landuko diren gaiak jorratzeko aukera izango dute Donostiako ikasleek, haientzat propio egokitutako hiru filmen bitartez.

Urteetako lana izan du Giza Eskubideen Zinemaldiak gaiaren lanketa hiriko esparru eta eragile desberdinetara zabaltzearena. Donostiako haur eta gazteak publiko potentzial horren pieza estrategikoa direla jakitun, egitarauaren zati bat bideratu dute horretara. Hala, hiru pelikula ikusteko aukera izango dute ikasleek, eta Ikertzek prestaturiko gida didaktiko batekin osatuko dute lanketa.

Aipaturiko gida horiei esker, adiskidetasunaz edota lan kolektiboaren garrantziaz hausnartzeko aukera izango dute haurrek, eta horiekiko sentsibilizazioa lantzekoa. Euskaraz egingo dituzte emanaldi guztiak, Victoria Eugenia Antzokian, eta euro bana ordaindu beharko dute ikasleek horietara sarbide izateko.

Honako hau da proiekzioen egitaraua:

Ploey bakarrik hegan inoiz ez (82 min.)
Noiz: Apirilak 2, 3 eta 4
Adina: 6 eta 9 urte artean
Árni Ásgeirsson zuzendariaren animaziozko film jostagarri eta hunkigarri honek txori gazte baten istorio ederra ekarriko du irudietara. Etxeko txikientzako sortua izan bazen ere, familia giroan gozatzeko aproposa da txori maitagarri honen abentura. Udazkenean, bere familiak emigratzen duen garaian, txoria oraindik ez da hegan egiteko gai.

Hori dela eta, Artikoko negua pasatu beharko du, etsai basatiei zein bere buruari aurre eginaz, hurrengo udaberrian berriro ere familiarekin elkartzeko. Bidean, espezie askotariko lagun berriak egingo ditu, eta haiek lagunduko diote bizirauteko helburua betetzen.

Leo da Vinci: Mona Lisa misioa (83min.)
Noiz: Apirilak 10, 11 eta 12
Adina: 10 eta 12 urte artean
Leo Da Vinci, margolari, pentsalari eta asmatzaile gaztea maitemindu egin da, etxea sute baten ondorioz galdu duen Mona Lisarekin. Neska laguntzeko prest azalduko da orduan, eta, horretarako, abentura zoroa eta zirraragarria prestatuko du: urte batzuk lehenago Montecristo uhartetik gertu hondoratu zen piraten itsasontzia bilatuko du, ustez barruan dagoen altxorra berreskuratzeko. Lortuz gero, Mona Lisaren arazoak konpondu ahal izango dituztela uste du. Lagunekin batera, inolaz ere samurra izango ez den bilaketari ekingo diote.

Aurora (90 min.)
Noiz: Apirilak 5
Adina: 13 eta 16 urte artean
Inguruneari, familiari, mutilei, frantseseko irakasleari eta bere buruari ere, aurre egiteko modu berezia dauka hamahiru urteko Aurorak. Desafiatzaile eta bihurria, beste neurri bateko arazoak eta erronkak eskaintzen dizkion etapa berriaren mugak bilatu topatuko ditu: gaizki portatzen delako gurasoek barnetegira eraman nahi dute, bere lagunik onenak bakarrik utziko du, eta, aldi berean, berak hainbeste miresten duen mutilak bere rock taldean kantatzeko eskaintza egingo dio.