Egitura berria, arte eszenikoen bultzada eta 140 jarduera baino gehiago hartuko dituen egitaraua izango dira 2019ko ZINEGOAK – Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak bere gain hartuko dituen berrikuntza nagusiak. Gaur abiatuko dute, 20:00etan Arriaga Antzokian, Sridhar Rangayan zinegile indiarra omenduko duen ekitaldi batekin.

Genero-adierazpenaren lanketa izango da aurtengo edizioko helburu nagusietako bat, eta horri begira sortu dute Lumaz harro leloa: “Norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea aldarrikatu nahi dugu. Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazi eta lau haizetara zabaltzeko.

Bi asteko iraupena izango du aurten jaialdiak, eta egitura berria izango du. Lehenengoan, otsailaren 18tik 24ra, jaialdiko pelikula guztiak proiektatuko dira Golem Alhondegian, Bilborocken eta BilbaoArteko proiekzio aretoan. Bigarren astean, berriz, hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte proiekzioez gainera.

Bada, gaur egingo dute inaugurazio ekitaldia, 20:00etan Arriaga Antzokian, eta hamaseigarrena izango den edizioaren Ohorezko Saria banatuko diote Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzaile indiarrari. Horrez gain, Elisa y Marcela antzerki erakustaldia hartuko du ere ekitaldiak, A Panadaría konpainiaren eskutik.

Jaialdiak hartu duen norabide berriaren erakusle da azken hori. Izan ere, inoizko pisu handiena izango dute aurten arte eszenikoek. Filmen erakusketaren osagarri izango diren ekintzen izango ardatza izango dira, hainbat hitzaldik, proiekzio berezik eta aurkezpenek lagunduta.

Filmak eta beste

Guztira, 25 film luze aurkeztuko dira jaialdiaren Sail Ofizialean, eta aurten, lehen aldiz, hiru kategoriatan banatuko dituzte: FIK, DOK eta KRAK. Fikzioak bilduko ditu FIK atalak eta, besteak beste, Oscar Wilden azken urteak erreproduzituko dituen lan bat, edota eduki lesbikoa duen lehen film keniatarra izango dira ikusgai. Dokumentalen erakuslehio izango da DOK, eta intersexualitatearen errealitatea edota espetxeetako sexualitate disidentziak jarriko ditu lehen lerroan. KRAK atalari dagokionez, aurtengo nobedade nagusia izango da, aurreko edizioetako OFF kategoriari lekukoa hartuta. Antolatzaileen arabera, zinemarik apurtzaileena hartuko du, genero, lengoaia eta estetika desberdin ugari nahastuz.

Film luzeez gain, film laburren aterpe izango da ere jaialdi bilbotarra. Mundu osoko 47 lan izango dira ikusgai, Emakumeak, Haurtzaroa eta nerabezaroa, eta Indarkeria eta Errefuxiatua sailetan banatuta. Era berean, egitarauak Euskal Herriko 13 proposamen jasoko dituela iragarri dute antolatzaileek: 10 labur, dokumental bat eta arte eszeniko formatuko bi.

Berritasun modura, ZG Jardunaldi Profesionalak antolatuko dira aurten eta, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadiren laguntzarekin, masterclass desberdinak eskainiko dituzte hainbat profesionalek.

Adi, beraz, gure sareetan iragartzen joango garenari!