Juanmi Gutierrez (Errenteria, 1945) zinemagile, ikertzaile eta zinema aditu errenteriarra zendu da.  Zinemagintza dokumentalean aditu eta aritua, errealitatearen alde gizatiarrena eta, tarteka, gordinena, azaldu dute beti Gutierrezek sortutako lanek.

Donostiako Herri Irratian aritu ostean, euskalgintzara egin zuen salto. HABEn lanean hasi zenean errodatu zituen bere lehen ikus-entzunezkoa profesionalak, helduak alfabetatzen laguntzeko tresna didaktiko gisara erabili ziren materialak. Bruselako Insas eskolan egin zituen zinemako ikasketak, eta super 8 mm-ko film labur ugari egin zituen bere ibilbidearen hastapenetan. Eusko Ikaskuntzako Zinema Sailaren arduradun izan zen, eta irakasle gisa aritututakoa da ere Donostiako zenbait zentro kulturaletan.

Film laburrak – Cuentos de mayo (1998),  Cronica d´o 25 de Chunio (2005), Hiru kontakizun krudel (2006), Blues del asno (2008), Manuale di ornitologia (2010), eta Zuri (2011) – zein luzeak –besteak beste, Tabula rasa (2004), Bozes Lexanas (2005), Isiltasun kalea (2006), Motema na ngai (2008), Zuzendu mesedez! (2009), Musika Plaza (2010) eta Mur-mur (2012)- sortu zituen, horietatik gehienak dokumentalak. Pello Gutierrez semearekin aritu da lanean azken urteetan, Zazpi T’erdi ekoiztetxearen txapelpean.

Zinemal jaialdi ugaritan aurkeztu ditu bere lanak, nazioartean ere bai. Esaterako, bere pelikuletako hamar estreinatu zituen Donostia Zinemaldian, iragan edizioan horietariko azkena: Baúles/Kutxak (2018). Halaber, jaialdiko hautaketa batzordeko kide izan zen 1979an. ZINEAk beste lau hedabiderekin batera bultzaturiko Zurriolako Butaka saioan izan zen irailean bere azken filma aurkezten:

Euskal ikus-entzunezkoen mundua kolpatu du albisteak, eta asko izan dira galeraren aurrean atsekabea azaldu duten norbanako eta eragileak. Hala nola, Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia, Giza Eskubideen Zinemaldia, Donostia Kultura edo Mikelazulo Kultur Elkartea.

Zinegilearen obra ezagutzeko, ikusi Ganbaran osatu genuen fitxa.