2019ko martxoaren 20tik apirilaren 13ra egingo dute Laburbira, Euskaltzaleen Topaguneak bultzatutako euskal film laburren zirkuitu ibiltaria. Ikusgai izango diren 9 ikus-entzunezkoak ezagutu genituen urtarrilean, eta emanaldiak jasoko dituzten 35 herriak zein horien egutegia zabaldu dituzte gaur.

Laburbira zirkuitu ibiltariaren helburua euskaraz sortutako pieza ‘freskoak’ ezagutzera ematea eta euskaraz ekoizten jarrai dezaten bultzatzea da, horregatik, Euskaltzaleen Topaguneak deialdi zabala egin zuen beste urte batez, euskarazko film laburrak egiten dituen orok bere lanak aurkezteko aukera izan zezan.

2016a eta 2018a bitartean ekoiztutako 9 film laburrek osatuko dute zikloaren hamaseigarren edizioa: maitasun istorioak, tentsio bizikoak, animaziozkoak, iraganeko kontakizunak, magia, umorea… izango da ikusgai, inoizko gaitegirik zabalenetarikoa. Sortzaile gazteen lanak dira gehienak, emakumezkoenak nagusi, eta badira ere esperientzia luzeko zuzendariek ekoizturikoak. Denak uztartuta, ordubete inguruko emanaldia osatu du Topaguneak, “kalitatezkoa eta dibertigarria, euskarazko film laburren zaleei merezi duten gozatua emateko”.

Martxoaren 20tik apirilaren 13ra bitarte, giran ibiliko da Laburbira, euskarazko zinemagintzaren dosi txiki eta freskoak hurrengo  35 geltokietan zabalduz: Bergara, Ermua, Usurbil, Berriozar, Areeta, Sestao, Hernani, Algorta, Dima, Areatza, Orkoien, Valladolid, Azkoitia, Paris, Eraso, Gasteiz, Larraintzar, Biasteri, Zuia, Iruña, Ordizia, London, Maeztu, Arespalditza, Mutriku, Arrasate, Etxebarri, Azpeitia, Oñati, Irun, Igorre, Soraluze, Zumaia, Mungia eta Valentzia.

Ikusi emanaldi guzti horiek biltzen dituen egutegia, hemen.