The Front Runner
AEBko presidente gai izan zen Gary Hart senatariaren hauteskunde kanpainan oinarrituko da filma, zehazki ekitaldi hura erabat baldintzatu zuen gertakarian.

Ustez presidente ideala izateko ezaugarri guztiak zituen Hartek. Urte batzuk lehenago Alderdi Demokratikoaren hautagai izateko hauteskundea galdu eta gero, indarberriturik itzuli zen lehen lerro politikora 1987an. Urte zailak ziren Alderdi Errepublikanoarentzat, Reaganen agintaldiak zeharo gaiztotu zuen taldearen ospea, eta bozemaileen konfiantza berreskuratzeko beharrezko adimena, karisma eta eskarmentua erakutsi zuen hautagai demokratikoak.

Egun batetik bestera, eta bere helburu politikoa betetzear dela, Harten inguruko zurrumurruak ugaritzen hasiko dira herrialde osoko komunikabideetan. Andrezalea, desleiala, gezurtia… Nekez irabaziko du Hartek iritzi publikoaren aurkako borroka hori.

Perdiendo el este
Ia hirurehun mila milioi biztanlerekin, mundu mailako potentzia ekonomiko nagusia bilakatzear da Txina. Antzineko kulturan eraikitako herrialde exotikoaren aurreiritzia garaitu, arroza eta zotzak alde batera utzi, eta aukeren lurraldea izango da aurrerantzean.

Geroz eta gehiago dira, sorterriak eskaintzen duen aukeren eskaintza mugatuak gogaiturik, nahi, desira eta ametsak maletan sartu, eta ekialde urruna konkistatzeko asmoz abiatzen diren gazteak. Zerotik hastea, ordea, lan nekeza izaten da tokiko hizkuntza, kultura eta ohiturak mundu bateko distantziara kokatzen direnean.

Perdiendo el Norte aurrekarian ezagututako ildo bera izango dugu bigarren ale honetan ere. Zinema espainiarraren urteko lehen arrakasta saiakera.

L’échange des princesses
Bi herrialdeak txit ahuldutako gerra baten ostean, Orleansko Felipe erregeak Frantzia eta Espainia arteko bakea berrezartzeko egitasmoa abiatuko du: 12 urteko alaba tronu espainiarraren oinordekoarekin ezkonduko du, eta aldi berean, Luis XV Frantziako erregegaia eta Espainiako Mariana Victoria infanta batuko ditu ere. Hala, 12 urteko alaba nerabea eta 4 urterekin haurra besterik ez den infanta espainiarra aliantza, traizio eta botere jokoz ehundutako sare batean harrapatuko ditu.

Alita, Battle Angel
Egun batetik bestera eta nor den jakin gabe ere, ezagutzen ez duen etorkizuneko mundu berri batean esnatuko da Alita protagonista. Galduta eta babesgabe sentituko da, Ido (Christoph Waltz) mediku errukidunaren zaintza izango duen arte. Neska ahaldundu eta mundu berri horretara egokitzen hasten den bitartean, Idok iraganaz babestuko du.

Argumentuaren berezitasuna lehen lerroko aktore-taldea aurkeztuz konpentsatu du Robert Rodriguez zuzendariak: Rosa Salazar, Christoph Waltz, Jennifer Connelly, Jackie Earle Haley, Ed Skrein,Mahershala Ali, Lana Condor, Keean Johnson, Michelle Rodriguez… Horien guztien antzezpena gutxi balitz, James Cameron erraldoia izan du ekoizpen lanetan laguntzaile. Cameronen super-produkzio handienen mailara helduko da, zalantzarik gabe.

Happy Death Day 2U
Izen bereko lehenego saiakera baten bigarren alea dugu ha. Denbora zurrunbilo kiribilera itzuliko da Tree Gelbman protagonista, intentzioarekin oraingoan, lehen aldi hartako arrazoiak aurkitzeko asmoz. Zurrunbiloaren itzulerak mendeku gosez helduko den Loriren berpiztea ekarriko du, lehenengo filmean abiatutako borrokari jarraipena emanaz.