Kritika: ‘Basque Selfie’

Zuzendaria: Joaquín Calderón
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria

Baserri-mina
Zinea sortu zenetik bi korronte jarraitu dira pantaila handian ikusten ditugun historiak kontatzeko. Bata, errealitatea den bezala erakusteko zineak bere baitan duen gaitasuna aintzat hartuta, hau da, zinema dokumentala; eta bestea, ametsen eta irudimenaren munduaren ildotik zineak eskaintzen duen aukera fantastiko eta sormenezkoa, fikziozko zinea, alegia. Bi eredu hauek banatuak izan dira sarri, eta bigarrenak arrakasta gehien izan duenez, askok zinea bakarrik fikziozkoa zela uste izan dute. Baina zine dokumentala ez da inoiz desagertu, industria mundutik at sarritan egin du bere ibilbidea, eta ausartak izan diren zinegile batzuk zine dokumentala (edo ez fikzioa, esaten zaion bezala) eta fikziozkoa aitzindari izan den nahasketa batean elkartu dituzte. Edo saiatu dira bederen.

Noizean behin idatzi dugu horrelako hibridoak diren lanei buruz (Mudar la piel edo Entre dos aguas), eta oraingoan gutxi aztertutako baina aberasgarri den bide hau arakatzen duen film bati buruz arituko naiz: Basque Selfie. Joaquín Calderón iruindarraren azken lan honetan, Korrontzi folk taldearen sortzaile den Agus Barandiaran trikitilariaren istorio pertsonal bat dugu ardatz.

Istorio mingarria da, Agusek bere baserri zaharraren desagertzeari aurre egin behar baitio, alboan doan errepidearen eraikuntzak betidanik bere familiaren etxea izandakoa eraitsiko baitu.  Sustrai sendoetan oinarritutako baserriak euskal lurraldetik sakabanaturik ditugu, eta horiek izan dira euskal nortasunaren sortzaile nabarmenenak. Horien desagertzea ez da albiste, garapen ekonomiko eta industrialak martimuilo baten antzera jokatzen baitu, eta, ia konturatu gabe, baserria bizkarrezur izatetik ia bitxikeri etnografiko izatera igaro da. Prozesu hau jada XIX. mendeko industrializazioarekin hasi zen, eta egun batik bat urbano dugun gure munduan baserriaren nostalgia denboraz kanpoko zerbait dirudi.

Basque Selfie filmak sentimendu horrekin jokatzen du, eta filmaren egileek ikuslean malenkonia mugitzea dute helburu (baserri-mina deritzodana), kontakizunaren ardatza ideia argi batean ezarri dute horretarako: Gaizki ulertutako garapen batengatik eta espekulazio handizalearengatik ez genituzke tradizioa eta sustraiak galdu behar. Ideia laudagarria benetan. Eta hori da Basque Selfiek eskaintzen digun hoberena, nolabait esatearren: bere salaketa eta zeregin soziala.

Hala eta guztiz ere, iazko Donostia Zinemaldiko Zinemira sailan aurkeztutako filman badago zerbait guztiz ez dabilena. Basque Selfiek erreala den gertaera salatzen du, eta era berean Agus Barandiaran protagonista erreala da ere (Korrontziren kontzertuak benetakoak dira guztiz, edo baserriaren eraisketaren etxeko irudiak). Baina errealitate hori azaltzeko sortu duten artifizioari benekotasuna falta zaio maiz. Ez soilik aktoreak erabili direlako asmatutako pertsonaia desberdinak irudikatzeko (hor dabiltza, besteak beste, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Aitor Merino, Kandido Uranga edo Aizpea Goenaga), ikusten dugun oro gertatu denaren berreraikitze bat delako ere. Zine dokumentalean gertaera baten berreraikitzea ez baldin bada gomendagarriegia izaten, fikziozko pertsonaiak berreraikitako errealitatea han-hemenka tartekatzeak gehiegi nahasten du.

Hasieran aipatu bezala, fikzioa eta dokumentalarekin nahasketa ederrak egin daitezke (Kiarostami iraniarrak adibide bikainak sortu zituen), baina bi osagai horien nahasteak arrisku bat dakar: ikusten denak sinesgarritasuna galtzea. Beste modu batera esanda, txotxongiloak egiten duena sinistuko dut hariak ikusten ez dizkiodanean, baina, ikusten badizkiot, jokoan murgildu nautelako izango da. Basque Selfien, hariak gehiegitan ikusten dira, nahiz eta ezabatzen saiatu diren.