2018ko ekitaldiaren memoria argitaratu zuen orain egun batzuk Donostia Zinemaldiak, eta joera argia da: gora egin dute ikusle kopuru zein diru sarreretan.  Sarean jarri dute eskuragarri datuz eta irudiz osatutako txostena.

Zinemaldiak bere markak hautsi ditu 66. edizioa izandakoan. Inoizko handiena izan da publikoaren erantzuna (175.011 ikusle, bataz beste), eta nabarmen egin du gora industriako profesional eta kazetari akreditatuen kopuruak. 4.144 lagun izan dira orotara, 1.869 industriatik eta 1.053, berriz, hedabideetatik. 907.515 euro bildu ziren, guztira.

Pozik azaldu ziren prentsaurrean Zinemaldiko arduradunak, “testuinguru aldakorra” izanagatik egonkor ekiten diolako urtero jaialdiak. “Berehalakotasun digitala, etengabeko berrikuntza teknologikoa… zinemaldiak ezin dira geldirik egon, ezin dute egun batzuetako zinema onaren erakusleiho hutsa izan”, zinemaldiaren aldeko apustua urte osoko ekitaldia egitearena dela azaldu duen Jose Luis Rebordinos zuzendariak , eta Elias Querejeta Zine Eskolan jaialdiak duen parte hartzea edota Ikusmira Berriak programa aipatu zituen horren adibide gisa.

2018an, Donostia Zinemaldiak diseinatu eta garatu dituen jarduera berriak gogoratu zituen ere, Zinemaldia&Technology, adibidez. Aurrera begira ere teknologiari eta ikus-entzunezko industriari buruzko gogoetarako gune estrategiko izan nahi du jaialdiak, eta I+G+Bko enpresekin aliantzak egiten jarraitzeko asmoa adierazi dute.