Gora egin du Bizkaian errodatutako proiektu kopuruak 2018an

Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu berri duenez, azken lau urteetako joera gorakorrari eutsi zion iaz ere Bizkaian egindako errodaje kopuruak. Hala erakutsi dute zabaldutako datuek: orotara, 128 grabaketa egin dira 2018an.

Errodajerako lokalizazio desberdinak proposatzen ditu Bilbao Bizkaia Film Commison zerbitzuak, argazkikoa tartean.

2015ean sortu zuten Bilbao Bizkaia Film Commission, film, telesail eta iragarkietako errodajeak erraztu, eta Bizkaiko lurraldeak sektorean zuen pisuari bultzada emateko.  Zerbitzu publiko eta doakoa eskaintzen dute, eta European Film Commision Network eta Association of Film Commisioners International alkarteko kide dira. Jakinarazi dutenez,  zerbitzu ematen duen leihatilak 201 proiekturi egin zion arreta iragan urtean zehar, eta 128 gauzatu ziren azkenean. Orotara, 508 lan-egun suposatu ditu horrek, eta 13 milioi euroko eragin ekonomikoa.

Datuei erreparatuta, argi ikusi daiteke gorakada hori. Filmen kasuan, esaterako, Fikziozko zortzi proiektu luzeren agertoki izan da Bizkaia iaz, 2017an izan zirenen bikoitza. Horiez gain, 42 iragarki, bina telesail, 13 film labur ere errodatu dituzte lurraldean.  Horietako guztien erdia inguru EAEn sortutako proiektuak dira, eta Alejandro Amenabar, Daniel Calparsoro eta Kepa Sojo bezalako izen handiak dira profesional sortzaileetako batzuk.