Bokazio hitza sarri erabiltzen dute batean zein bestean aritzen diren profesionalek. Lan esparru ezberdinetatik badatoz ere, historia istorio bihurtzea bizitzeko modu bat da beraientzat. Teknologiak hala ahaldundu duen arte, tradizionalki, arkatz, bolaluma eta idazmakina baliatuz milioika gertaeren berri eman digute kazetariek; 1895etik aurrera, ordea, irudiek bata bestearen ostean sortutako mugimenduaren emaitza baliatu zuten artistak agertzen hasi ziren. Izan errealitatezkoak zein fikziozkoak, kontalari hauek sortutako narratibak etengabeko eraldaketa prozesuan dagoen mundu honi buruz hausnartzeko tresna bilakatu dira. Zaila da bi diziplinek –kazetaritzak eta zinemak- lehen aldiz bat noiz egin zuten argitzea, baina ezin eztabaida daiteke harremana estu zein emankorra izan dela.
Ez da kasualitatea 20ko hamarkadaren bukaeran eta 30ekoaren hasieran kazetari andana Hollywoodera hurbildu izana itxaropentsu, filmetako pertsonaien lehen hitzak entzuten hasi bezain pronto gidoi eredu eguneratuak eraikitzeko behar berri hori aprobetxatu nahi izan baitzuten (eta jorratuko ez badut ere, zer esan aldizkari espezializatuek izan duten garrantziari buruz…). 1941. urtean heldu zen aditu askoren ustez oraindik ere zinemaren historiako film onenen artean kokatzen den Citizen Kane maisulana. William R. Hearst prentsa magnate handiaren bizitzan oinarrituz, Charles Foster Kane kazetari eta enpresaburuaren istorioa kontatzen duen Orson Wellesen estreinako lanak jo puntuan jarri zuen informazioaren eta boterearen arteko lotura. Informazioak iritzi publikoa kontrolatzeko arma suntsigarri gisa izan dezakeen garrantzian sakondu zuen zuzendariak, Herman Mankiewiczek idatzitako gidoia jarraituz –gidoigilea Hearst magnateak antolatzen zituen jaiak lehen pertsonan ezagutzen zituen-. Filmak ordura arteko Hollywoodeko sistema gardena zalantzan jarri zuen, linealtasun-kausala alde batera utzi eta narrazioa ikerketa erara antolatuz: albistegi itxurako sarrera berritzaile baten ondoren, pertsonaia bakoitzak hil berri den Kane enpresaburuari buruz hitz egingo du, flashback-ak erabiliz, aitortzak irudi bihurtuz.
Adibide mitiko eta aski ezaguna da Orson Wellesen Citizen Kane –Federico Felliniren La Dolce Vita (1960) filmeko Paparazzo pertsonaiak bezala ageriko ondarea utzitakoa-, eta haren ostean etorri zen Richard Nixon AEBetako presidentea dimititzera behartu zuen Watergate auziaren ikerketan oinarritutako All the President’s Men (Alan J. Pakula, 1976) arrakastatsua. Bukatzear dagoen azken hamarkada honetan, gorakada izugarria izan dute azken honen itzala jarraitu duten ekoizpenek, besteak beste: The Newsroom (Aaron Sorkin, 2012-2014) telesaila; Bassachusettsko apaizek adingabeei egindako sexu-erasoak salatzen dituen Spotlight (Tom McCarthy, 2015) Oscar sariduna; Koldo Serraren Gernika (2016); The Washington Post egunkariak Nixon –beste behin- eta Vietnamgo gerraren inguruan kaleratutako dokumentuen kudeaketa jasotzen duen The Post (Steven Spielberg, 2017); Ryzszard Kapuscinski kazetari poloniarraren izen bereko eleberritik abiatzen den Another day of life (Rauel de la Fuente eta Damian Nenow, 2018) euskal ekoizpena; edota A Private War (Matthew Heineman, 2019), Marie Colvin gerra kazetariak hil aurretik Ekialde Hurbilean bizi izandako azken esperientzien inguruko pelikula.
Badira beste lan asko ere, baina azken urte hauetako interesgarrienak zerrendatu nahi izan ditut, hain zuzen ere, gaur egun lanbideak bizi duen egoera tamalgarriaren aurrean ikuspuntu heroiko interesatu bat azpimarratzen dutelako. Propio ekarriak, ia denak Hollywooden errotutako produktu panfletarioak dira, eta ez direnek eredu estatubatuar kanonikoa jarraitzen dute.
Horregatik, Orson Wellesen filmaren esentzia ziniko eta eszeptikoa partekatzen duen Nightcrawler (Dan Gilroy, 2014) kanpoan utzi dut. Baina jarraian jorratu nahiko nukeenarekin lotura lanak egiteko ezin aproposagoa da. Jake Gyllenhaal aktoreak haragitutako telebista kamera operadore amateur baten joan-etorriak azaleraziko ditu Gilroyk, kazetaritza sentsazionalista eta kriminalizatua salatuz. Izan ere, bada aipatutako Hollywood horretan pixka bat arakatuz zuzendari klasiko eta goratu baten film eder bezain –gaur egun- miretsi bat. 1951. urtean, estreinatu zenean, era askotakoak entzun behar izan zituen, eta inortxok ere ez zion balekoa eman. Zinemazaleek suposatzen dut faltan botako zenutela orain arte haren berririk eman ez izana, baina bada garaia Billy Wilderren Ace in the Hole –The Big Carnival gisa ere ezagutzen dena, eta hasiera batean “The Human Interest Story” izan zena- lanari tarteaxoa eskaintzeko.
Duela hilabete, Malagan ur-putzu batera eroritako haurrak sortu duen ustezko interes informatiboarekin eta hedabide jakin batzuek aurrera eramandako gertaeraren tratamendu masibo zein sentsazionalistarekin zuzenean lotzen da Wilderren filma. 50eko hamarkadako gizartearen oniritzia jasotzeko aurreratuegia ote zenaren eztabaida jasotzen du Cameron Crowe idazle zuzendari alemaniarrarekin kaleratutako Conversations with Wilder elkarrizketa-liburuan, izan ere, filmeko protagonistak –New York hiriko egunkari batetik kaleratu berri duten kazetari batek (Kirk Douglas)- harkaitzetan harrapatuta geratu den gizon baten kasua baliatuko du lanbidea berreskuratzeko. Ezbeharraren berri emateko duen aukera esklusiboak kazetariaren jokaera zinikoa azaleratuko du, zakarki, eta diru-goseak eragindako obsesioak ondorio latzak izango ditu. Billy Wilder erreportari izatetik zinemara igarotako gizon horietako bat izan zen, eta aipatutako elkarrizketa-liburuan azpimarratzen duen bezala, kazetarien jarrera gorrotagarri horren ezagutza ezak bideratu zuen herritarrek filmarekiko erakutsitako gaitzespena.
Pelikulak muturreko kasu bat jorratzen badu ere, informazioa eta ikuskizuna bereizten izerdi tantarik ere botatzen ez duten hedabideak nagusi dira, gizartean iritzi publikoa eraikitzen maisuak izaten jarraitzen dutenak. Egiazko informazioa libreki komunikatzeko eskubidea aprobetxatuz gizabanakoen pribatutasunari erreserbatutako eremuan urraketak nabarmentzen dira, eta hedabide masibo hauen ardura profesionala zalantzan jartzen dute “neurrigabeko jarraipen berezi gorpuztuek”. Ace in the Hole pelikulatik ez oso urruti, Malagako haurraren kasuak ere zirku itxura hartu du, beste hainbat eta hainbat kasurekin gertatu bezala.