Zine Arkeologikoaren Arratsaldeak ekimenaren laugarren edizioa iragarri du Bilboko Arkeologi Museoak. Otsailaren 12an, 13an, 19an eta 20an egingo dira saioak, eta emanaldiez gainera, espezialistekin solastu eta hausnartzeko aukera izango da.

Arkeologiaren bidez, iraganari buruzko elkarrizketa sustatzea da zinema-zikloaren helburua, eta, aldi berean, proiektatuko diren dokumentalek denbora eta espazioan bidaiatzeko aukera emango diote bertaratutako publikoari. Gaur, otsailak 12, abiatuko da ekimena Experimentando la Arqueología. Misión, la Edad del Hielo filmaren emanaldiarekin.

Alemaniako hegoaldeko aurkikuntza arkeologiko batzuk azaltzen ditu ikus-entzunezkoak, arreta berezia ipiniz Hohle Fels koban topatutakoei. Izan ere, harrigarriak dira bertan aurkitutakoak: 40.000 urte inguruko piezak dira, eta Neandertal eta Homo Sapiensaren garaien arteko erlazioari lotuta daude. Arestian aipatu bezala, solasaldirako tartea izango da proiekzioaren amaieran, Mikel Agirre Ruiz de Gopegi historiaurreko irakaslearekin.

Honako beste lan hauekin osatuko dute zikloa: Otsailaren 13an, Investigaciones en aguas profundas: el tesoro de la isla de Batz; otsailaren 19an, Una mirada en el tiempo; eta, azkenik, otsailaren 20an, Gurs, 70 años del infierno. 19:00etan izango dira guztiak, Blboko Arkeologi Museoaren Mallona aretoan.

Antolatzaileek jakinarazi dute plaza kopurua mugatua dela eta, hartara, derrigorrezkoa izango dela aldez aurreko inskripzioa egitea. Bi bide zabaldu dituzte horretarako, arkeologimuseoa@bizkaia.eus edo 944 04 09 90 .