Lankidetza akordioa sinatu berri dute Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, Etxepare Euskal Institutuak eta IBAIA –  Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak. Horri esker, martxoan egingo dituzten aholkularitza-jardunaldietan parte hartzeko aukera izango dute zortzi euskal ekoiztetxek.

Kalitatezko dokumentalen proiektuak garatzeko bidea erraztea eta, bide batez, proiektu horiei bazkideak, finantzaketa edo nazioartekotzea bilatzeko prozesuan laguntzea da elkarlanaren xede nagusia, baina bestelako ere onurak ekarriko ditu. Esate baterako, euskal enpresek nazioarteko merkatu eta foruetan duten presentzia indartzea espero dute, besteak beste ekainaren 24tik 27ra egingo den Sunny Side of Doc azokan edota Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan.

Martxoaren 11n, 12an eta 13an egingo dituzte jardunaldiak, Catherine Ulmerren zuzendaritzapean (dokumentalgintzan eta tailerren prestaketan esperientzia luzea duen profesionala da). Banan-banako aholkularitza izango da hasieran, eta bi ordu eskainiko dizkiote hautatutako proiektu bakoitzari; azken jardunaldian, berriz, Sunny Side of the Doc azokaren formazio arduraduna den Jean Jaques Peretti eta Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzioko Foroko ordezkari bat bertaratuko dira, beren ekitaldiak aurkeztu eta horietan parte hartzeko baldintzen berri emateko.

Aholkularitza horretan parte hartu ahal izateko, on-lineko izen-emate inprimakia bete beharko dute enpresa interesatuek. Otsailaren 26a izango da horretarako epe-muga. Bitarteko zalantzei erantzuna emateko harremanetarako bideak zabaldu ditu IBAIAK, 943.32.71.83 telefonoa edota info@ibaia.org helbidea, hain zuzen.