Dokumental baten aurre-erosketa eta idazketa hitzarmen baten izenpetzeko deialdiak babestuko ditu Kanaldude telebistak 2019an. Iragan ostegunean iragarri zuten martxoaren 30era arte luzatuko den laguntza-epea.
Euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta dinamizazioan urratsak ematen jarraitzeko konpromisoa adierazi du Akitaniako Kanaldude web telebistak, 2018-2020ko Helburu eta Baliabide Kontratuaren harira zabaldutako deialdi bikoitzaren bidez. Adierazi dute euskarazko filmak hedatuko dituztela soilik, eta, hala, proiektu bakoitzarekin batera aurkeztu beharko da euskarazko bertsioa sortzeko aukeratuko den modua.
Arestian aipatu bezala, deialdi bikoitza egingo dute: mugaz gaindiko sorkuntza-dokumental baten koprodukziorako lehenengoa, eta euskaraz idatzitako proiektu baten sostengurako bigarrena. Dokumentalari dagokionez, ezinbestez, Akitania berriko eskualdean finkaturiko ekoiztetxeen lanak galdegin dituzte, nagusiki ikus-entzunezkoak edo zinema ekoizten duten egituren proiektuak. Kalitatezko lanak behar dute izan, egokiak gaia zein tratamenduari dagokionez eta anbizioko sorkuntzaz jantzitakoak.
Ekonomikoki egingarri izan daitezen eskatu dute, eta hori erakutsiko duen finantzamendu-plana aurkeztu beharko dute ekoiztetxeek. Horrez gain, beharrezkoa izango da produkzio zein banaketa estrategia bat agertzea, eta proiektuak berak CNCren (Zinemaren Nazioarteko Zentroaren) eta Akitania Berriko eskualdearen diru-laguntzen irizpideei erantzutea.
Bestalde, idazteka hitzarmenari dagokionez, fikzioa, sorkuntza-dokumentala, animazioa, transmedia eta crossmedia jorratzen dituzten proiektuak galdegin dituzte, bai eta bestelako obra esperimentalak ere bai. Aurrekoan bezala, nagusiki zinema ekoizten duten Akitania Berriko ekoiztetxeak aurkeztu ditzakete euren lanak deialdira, baldin eta hurrengo irizpideak beteko dituzten: proiektuaren kalitatea bermatzen duten; egitekoak diren berridazketa, bilaketa eta lokalizazio lanak egoki planteatzen diren; egileak autore gazteak diren; edota proiektuak euskarazko gaitasun artistiko edo teknikoei dei egiten dien.
Abian da deialdia
Martxoaren 30a baino lehen igorri daitezke bi deialdietarako proposamena, PDF formatuan eta prod@kanaldude.eus helbidera. Hautaketa-batzorde bat osatuko dute web telebistako mundutik etorritako zenbait profesionalekin, eta horiek arduratuko dira maiatzaren amaiera baino lehen proiektu hautatuen alde bateko hautaketa egiteaz.
Ezagutu deialdiaren oinarriak eta parte-hartze datu gehiago, hemen.