Gaurtik, otsailaren 8tik, aurrera izango da ikusgai Basque Selfie Euskal Herriko zinema-aretoetan. Agus Barandiaran musikariaren borroka pertsonalena kontatzen du dokumentalak, istorio erreal bat fikziozko elementuekin nahasiz.
Agus Barandiaranek, mundu osoan euskal musika eta dantza tradizionalaren enbaxadore izandakoak (Korrontzi musika taldeko kide da), euskaldun batek izan dezakeen amesgaizto latzenari egin behar dio aurre: bere 1540ko baserria eraitsi nahi dute, errepide berria egiteko. Agusek gertakarien aurka jo beharko du bere sustraiak babesten saiatzeko. Izan ere, euskal kulturan, lau horma baino askoz ere gehiago da “etxea”.
Basque Selfie istorio tristea da, baina onbideratzailea, eta tradizioa du ardatzean: norberaren ezaugarriak bizirik mantentzeko tradizioa. Barandiaranen familia eta horien bizipenak izango ditu ardatz, baina euskal panoraman oso ezagunak diren beste hainbat pertsonaiaren parte hartzea ikusiko dugu pantaila handian: Itziar Ituño, Itziar Aizpuru, Kandido Uranga, Aizpea Goenaga, Aitor Merino, Felix Linares, Edorta Jiménez…
Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan izango da gaur Joaquin Calderon zuzendaria, filmaren aurkezpena egiten. Agus Barandiaran, aldiz. Bilboko Multicines aretoan izango da. Horietaz gain, Gasteizko Floridan eta Donostiako Principen estreinatuko dute filma gaur, eta Berlinalen ere izango da, nazioarteko erosle eta programatzaileentzat atondutako Market Screenings proiekzioetan.