Euskarazko fikziozko ekoizpena abiarazteko asmoz, ostiralean, hilaren 8an, pitching saio bat egingo duela iragarri du EiTBk. Irudi errealeko fikzioan esperientzia duten ekoiztetxeak galdegin dituzte deialdira.
Bihar goizean, 12:30ean, Bilboko EiTBren egoitzako Multibox aretoan finkatu dute hitzordua, eta sortu nahi dituzten proiektuek izan beharreko ezaugarri nagusiak azalduko dituzte bertan. Izan ere, telebistarako fikziozko hiru telesail sortzea da lehiaketaren helburua, eta  aurrez ezarritako zenbait irizpide bete beharko dituzte aurkezteko gaiak diren proiektuek.

Hala, kontuan izan beharko dute astero prime-time ordutegian emititzeko piezak behar direla, publiko zabalari zuzendutakoak eta, orotara, 450.000 €-ko aurrekontu batera egokituko direnak. Istorio fikzionatuak nahi dituzte, gertakizun erreal bat dokumentatzetik aldentzen direnak, “gertukoak eta identifika errazak” .  Gai eta generoari dagokienez, erabatekoa izango da askatasuna.

Ondoko dokumentazioa eskatuko dute proiektuen aukeraketarako aurkeztu beharreko txostenak:

  • Proiektuaren sinopsi orokorra, tonua, erreferentziak, testuingurua…
  • Protagonisten deskripzioa eta transformazio arkua.
  • Istorioa ardazten duen gertaeraren deskripzioa.
  • 4 atalen sinopsia: puntu gorenak, ‘txiribueltak’ eta gantxoak zeintzuk izango diren zehaztuz.
  • Aurrekontu osoa.

Bertaratzeko asmoa duten profesionalen konfirmazioa eskatu dute, komunikazioa@eitb.eus helbidearen bitartez.