Aurkeztu dute 2019ko otsailaren 18an abiatuko den Zinegoak jaialdiaren hamaseigarren edizioa. Egitura berria, arte eszenikoen bultzada eta 140 jarduera baino gehiago hartuko dituen egitaraua izango dira 2019rako iragarri dituzten berrikuntzak.
Genero-adierazpenaren lanketa izango da aurtengo edizioko helburu nagusietako bat, eta horri begira sortu dute Lumaz harro leloa: “Norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea aldarrikatu nahi dugu. Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazi eta lau haizetara zabaltzeko. Lumak indartsu egiten gaitu”, adierazi zuen Pau Gillen zuzendariak.
Otsailaren 18an egingo dute inaugurazio ekitaldia, 20:00etan, Arriaga Antzokian. Aurtengo edizioaren Ohorezko Saria jasoko du orduan Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzaile indiarrak, baina haren lanaren jarraitzaileek aukera izango dute egun bat lehenago atonduko duten proiekzio berezian zuzendariaren azken lanaz gozatzeko: Evening Shadows (2018), alegia.
Bi asteko iraupena izango du aurten jaialdiak, eta egitura berria izango du. Lehenengoan, otsailaren 18tik 24ra, jaialdiko pelikula guztiak proiektatuko dira Golem Alhondegian, Bilborocken eta BilbaoArteko proiekzio aretoan. Bigarren astean, berriz, hainbat jarduera osagarri antolatu dituzte proiekzioez gainera.
Guztira, 25 film luze aurkeztuko dira jaialdiaren Sail Ofizialean, eta aurten, lehen aldiz, hiru kategoriatan banatuko dituzte: FIK, DOK eta KRAK. Fikzioak bilduko ditu FIK atalak eta, besteak beste, Oscar Wilden azken urteak erreproduzituko dituen lan bat, edota eduki lesbikoa duen lehen film keniatarra izango dira ikusgai. Dokumentalen erakuslehio izango da DOK, eta intersexualitatearen errealitatea edota espetxeetako sexualitate disidentziak jarriko ditu lehen lerroan. KRAK atalari dagokionez, aurtengo nobedade nagusia izango da, aurreko edizioetako OFF kategoriari lekukoa hartuta. Antolatzaileen arabera, zinemarik apurtzaileena hartuko du, genero, lengoaia eta estetika desberdin ugari nahastuz.
Sail Ofizialaz harago
Film luzeez gain, film laburren aterpe izango da ere jaialdi bilbotarra. Mundu osoko 47 lan izango dira ikusgai, Emakumeak, Haurtzaroa eta nerabezaroa, eta Indarkeria eta Errefuxiatua sailetan banatuta. Era berean, egitarauak Euskal Herriko 13 proposamen jasoko dituela iragarri dute antolatzaileek: 10 labur, dokumental bat eta arte eszeniko formatuko bi.
Izan ere, inoizko pisu handiena izango dute aurten arte eszenikoek. Arestian aipaturiko jarduera osagarrien ardatza izango dira, hainbat hitzaldik, proiekzio berezik eta aurkezpenek lagunduta. Berritasun modura, ZG Jardunaldi Profesionalak antolatuko dira aurten eta, Europa Creativa MEDIA Desk Euskadiren laguntzarekin, masterclass desberdinak eskainiko dituzte hainbat profesionalek.