Zauria(k). Eromena. Gorputza. Feminismoak izeneko proiektua sortu dute Maier Irigoienek, Isabel Saez Perezek eta Iker Oiz Elgorriagak, ondoeza psikosoziala eta genero bizipenak uztartuz. Datozen bi asteetan aurkeztuko dute, Euskal Herriko hainbat hiriburutan. 


Arestian aipatu bezala, ondoezak eta genero bizipenak dira filmaren oinarria. Bederatzi lagunen ikuspegi eta esperientziak bildu dituzte, horien bidez eromena eta sufrimendua lotzen dituen bidegurutzeari ikusgarritasuna emateko. Osasun mentalaren inguruko gogoeta abiarazi nahi dute, betiere ikuspegi feminista batetik.

Otsailaren 14an, ostegunean, aurkeztuko dute lana lehenengoz, 19:30ean Iruñeko Katakrak liburu-dendan. Jakinarazi dute, gainera, solasalditxo batek jarraituko duela filmaren emanaldia.

Hala egingo dute ere atzetik etorriko diren beste hitzordu guztietan. Alde batetik, Donostiako Emakumeen Etxean izango dira hilaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan. Bestetik, Gasteizeko Landatxo gizarte-etxean aurkeztuko dute filma otsailaren 22an, eta 19:00etan izango da hitzordua hemen ere. Azkenik, gaiaz aritzeko aukera izango da ere Bilbon, otsailaren 23an, 18:00etan, Bira kultur gunean.