‘Femeninoan’ zikloa jasoko du Zornotzako KINE zineklubak

KINE Zineklubak jasoko du Zornotzako Talde Feministak ondutako Femeninoan zikloa datozen hiru asteetan. Gaur abiatuko dute, 20:15ean, Iciar Bollainek zuzendutako Yuli (2018)  filmaren proiekzioarekin.

Yuli filmak Carlos Acosta (bere burua antzezten du) dantzari kubatarraren bizitza kontatzen du, Habanako auzo xume batean emandako lehen urratsetatik, munduko ballet-konpainia handienetako baten izarra bilakatu arte. Yuli (Carlosen familia-ezizena), dantzarako gaitasun handiak izan arren, dantzaria izan nahi ez duen haurra da. Bere aitak, Pedrok, horretara behartuko du ordea, eta Kubako Ballet Eskola Nazionaleko irakasle eta zuzendari den Cherryren tutoretzapean, bere belaunaldiko dantzari onenetako bat bilakatuko da.

Hala, tabuak hautsi eta Romeo interpretatzen duen lehenengo dantzari beltza izatera iritsiko da Londreseko Royal Ballet konpainian, non, 17 urtez ibilbide bikaina landuz, eta bere mitoa eraikiko duen. Yuli norbere sustraiei eta dantzari buruzko film bat da, eta, aldi berean, Carlosek aitarekin, familiarekin eta Kubarekin duen harremanaren inguruko kontakizuna.

Hiru emanaldi guztira

Beste bi filmen emanaldia hartuko du zikloak datozen asteetan: otsailaren 12an,  Alice Rohrwarcher italiarraren Lazzaro Felice (2018) proiektatuko dute, Cannesen Gidoi Onena ex aequo saria eta Sitgesen Epaimahaiaren Sari Berezia jasotako filma. Lazzaro zintzotasun handiko nekazaria da eta La Inviolatan bizi da, Alfonsina de Luna markesak kontrolpean duen herrixkan, mundutik urrun.  Nekazarien bizimodua ez da batere aldatu han, lan asko eta gogorra egiten dute, eta Lazzaroren zintzotasunaz gainera, oraindik eta gehiago aprobetxatzen dira. Udan, Tancrediren laguna egingo da, markesaren semearena eta horrek Lazzaro mundu modernoa ezagutzera eramango du.

Otsailaren 19an, berriz, Celia Rico espainiarraren Viaje al cuarto de una madre (2018) izango da ikusgai. Errekonozimendu andana jaso dute bi protagonistek, Anna Castillo eta Lola Dueñas aktoreek, filmean egindako lanagatik, eta proiektuak berak ere ibilbide txukuna egin du: Iragan Donostia Zinemaldiko Gazte Epaimahaiaren sariduna izan zen, eta izendapen ugari jaso ditu berriki ospatu den Goya sarien banaketan.  Ama-alaba arteko harremanaren kontakizun bat da: Leonor (Anna Castillo) alabak etxetik alde egin nahi du, baina ez da gai bere nahia amari adierazteko. Aldi berean, amak alaba etxean mantendu nahiko luke, baina ez da gai hori lortzeko.