Zabalik da Giza Eskubideen 17. Zinemaldiko Gazte Epaimahaiaren izen-ematea

Zabaldu dute jada Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahaian izena emateko epea. 18 eta 30 urte bitarteko 150 gaztek osatuko dute, eta apirilaren 15etik 12ra bitartean ospatuko den jaialdiaren 17. edizioan film labur onena saritzeko ardura izango dute.

2018ko Gazte Epaimahaiaren talde argazkia, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du Giza Eskubideen Bulegoa eta Donostia Kulturaren bitartez, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean, elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko helburuarekin. Gaiaren inguruko egitarau oso bat atontzen dute urtero, filmen proiekzioaz harago, erakusketak, solasaldiak eta lantegiak ere biltzen dituena.

Apirilaren hasieran ospatuko dute aurtengo edizioa, eta Gazte Epaimahaian parte hartu nahi duten ikasle zein zaleak galdegin dituzte martxoaren 20a baino lehen. Interesatuek www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunearen bitartez egin beharko dute izen-ematea, eta epe mugaren hurrengo egunean zozketa bat egingo dute aukeraketa finala egiteko. Zinemaldiko webgunean emango dira ezagutzera kide hautatuen izenak.

Aurreko edizioetan bezala, ECTS kredituak lortzeko sarbidea emango du Gazte Epaimahaian parte hartzeak, eta horrez gain, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Asterako bina abonamendu jasoko du kide bakoitzak. Horien esku egongo da jaialdiko film labur onena saritzea, eta 3.000€-ko ordain saria banatuko diote boza gehien jasoko dituen filmari.

Deialdiaren oinarriak eta inskripzioa, hemen.