18 herrialde desberdinetako 30 film bilduko ditu Punto de Vista jaialdiaren 13.edizioak. 2019ko martxoaren 11tik 16ra bitarte ospatuko dute Iruñean, eta gutxika hasi dira jaialdiak hartuko dituenak aletzen.
Jatorriari erreparatuta, inoizko ediziorik anitzena izango da aurtengoa, eta, besteak beste, herrialde hauetako filmak izango dira ikusgai: Kanada, Txile, Argentina, Alemania, Ingalaterra, Irlanda, Indonesia, Belgika, AEBak, Frantzia, Mexiko, Iran, India… eta horrelako zerrendetan oso ohikoak ez diren Uzbekistan eta Dominikar Errepublika. Hautatu dituzten 30 film horietatik 29 lehiatuko dira epaimahai ofizialak banatuko dituen hiru sariak lortzeko.
Zinema garaikideko zinemagile handi asko bilduko ditu hamahirugarren edizioak, hala nola Deborah Stratman, Rober Beavers, Eduardo Williams, Luke Fowler… eta memoriaren eraikuntza, soinuaren esplorazioa, amatasunaren eta sorkuntza garaikidearen arteko erlazioa edo erretratuaren kontzeptua bezalako gaiak landuko dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte Iruñean.
Orotara, bost sari banatuko dituzte jaialdian: epaimahai ofizialak banatutako hiru, eta sari berezi bi. Epaimahaiak banatuko dituenak dira nagusiak, eta film onena (10.000€), zuzendaritza onena (5.000€) eta film labur onena (3.000€) errekonozituko dituzte. Sari bereziei dagokienez, film onena hautatzeko aukera izango du publikoak (1.650€), eta film labur onena sarituko dute gazteek (1.500€).
Ikusi film hautatuen zerrenda, hemen.