Martxoaren 22an, ostirala, estreinatuko dute Euskal Herri osoko zinema-aretoetan Oier Aranzabalen (Bilbo, 1988) Margolaria ‘opera prima’. Donostia Zinemaldiko Zinemira atalean aurkeztu zuten filma irailean.Artea, kultura… hein batean sorkuntza izango du ardatz filmak. Sorkuntza-prozesua bera, eta bertan parte hartzen duen profesional taldearen bizipenak. “Sorkuntza-prozesu bat, artista baten bizitza erakusten du Margolariak. Mikel Urdangarinen historia kontatzen du, baina izan zitekeen munduko beste edozein musikari ere”, halaxe azaldu zigun Aranzabal berak Zinemaldiko aurkezpenaren ataritan izandako solasaldian.

Apustu estetiko berezia egin zuten irudiak errodatzeko unean. Alde batetik, musikarien inguruan egindako dokumentaletan oso ohikoak diren “bustu parlante” edo  pantaila elkarrizketa errekurtsoa saihesten saiatu dira. “Egon badaude, horrelako dokumentaletan ia derrigor atera behar direlako, baina saiatu gara gidoia lantzen egoerak eta istorioa beste modu batera kontatzeko”, azaldu zigun iazko udaran zuzendariak.

Bestetik, zuri-beltzaren aldeko hautua ere egin dute, apustu estetikoa. Alain Urrutia margolariari egindako keinua da erabaki hori. Dokumentaleko protagonista nagusietako bat da Urrutia, kontakizunak Mikelek egiten dion bisita bat jasotzen duelako: “Grisen eskalan, zuritik beltzerako eskala horretan, margotzen du dena Alainek, eta iruditu zitzaigun horrekin batera joan behar zuela dokumentalak ere”.

Proiektuaren zuzendari izateaz gainera, filmaren gidoigile taldeko kide da ere Oier Aranzabal, eta azken bi urteak eman ditu Urdangarin grabatzen (bere egunerokotasunean, bidaietan, kontzertuetan…) Margolaria egiteko.

Maluta Films dago proiektuaren atzean. 2008an sortu zen ekoiztetxe donostiarra, eta hainbat filmen sorreran parte hartu du ordutik: Albaitari  film laburra eta Menchu Gal dokumentala (2012), Tres60  (2013) film luzea, Odola Odol (2015) dokumentala, Bagoaz!  websailaren bi denboraldi (2017, 2018), eta Haizearen egia film laburra eta Ainarak eta Zutik daukagu arbola dokumentalak, une honetan produkzio fasean daudenak.

Filmak, gainera, ICAA, Eusko Jaurlaritza, EiTB, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundia erakundeen laguntza jaso du, eta Atera Films da banatzailea.