2001an, hainbat mendizale hil ziren Pumori mendian jazotako elur-jauzi baten ondorioz. Gertakari lazgarri horretatik abiatuta, helburu solidarioa duen filma errodatu zuen Alex Txikonek, Padura Mendi elkateak lagunduta: Pumori, mendiaren alaba. Euskal Herriko hainbat herritan izango da ikugai egunotan.

2001eko udazkenean Himalayan zendu ziren 5 euskal mendizale gazteei omenaldi gisa sortutako ikus-entzunezkoa da filma. Baina baita Nepaletik Gipuzkoara etorritako gazte baten, Suku Mayaren, historia kontatzeko ahalegina ere bai. Izan ere, istripua gertatu baino lehen, hildako mendizale horietako batek, Beñat Arruek, argazki bat atera zuen neskato nepaldar batekin.

Urtebete beranduago, helburu bikoitzarekin itzuli ziren Nepalera Beñaten gurasoak: alde batetik, istripuaren lekua bisitatu eta hildako mendizaleak omentzekoa, eta,  bestetik, semearekin argazkia ateratako neskatxa nepaldarra ezagutzekoa. Familiak lortu zuen Suku Maya izeneko haurra topatzea, eta harreman sendoa eraiki zuten urteetan maiz bisitatuz.

Bisita horietako batean, ordea, ikusi zuten umearen osasuna gaiztotzen ari zela, eta hasiera batean pneumonia bezala sendatutako hori, giltzurrunetako gaitz larri batean bilakatu zen denborarekin. Haurraren tratamendua ordaindu eta, hura bermatzeko, Euskal Herria ekartzea erabaki zuten. Egun, Aizarnan bizi da, euskara ikasten ari da, eta herritarren maitasuna duen gaztetxoa integratua da Suku Maya.

Besteak beste, Arrigorriagako Lonbo Aretoan (20:00eta) eta Andoaingo Basteron (19:00etan) izango da ikusgai gaur, baina Igorren, Donostian, Hernanin, Beran, Etxarri Aranatzen, Bilbon eta Iruñean emango dute ere datozen egunetan. Arestian aipatu bezala, proiektu solidarioa da, eta irabazi guztiak neskato nepaldarraren tratamendu gastuak ordaintzeko bideratuko dituzte.