Bieuse elkarteko kideek ez dute Zinema Euskaraz programarentzat eta EiTBrentzat filmak bikoizten jarraituko

Bieuse Bikoizle Euskaldunen Elkarteak aditzera eman duenez, ez dute Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadi elkartearen bidez, abian duen Zinema Euskaraz programako filmak bikoizten jarraituko, eta EiTBrentzat bikoizten duen estudioan lanean jarraitzeari ere uko egin diote. Aste honetan bertan estreinatuko duten Dragoi Bola filmaren eta otsailean aretoetara helduko den Lego 2 lanaren ostean, planto egingo dute haien lan baldintzak eta egonkortasuna bermatu arte.

Joan zen ostiralean jakin genuen albistea: Bieuse elkarteko kideek Zinema Euskaraz programako haur eta gazteentzako filmak bikoizteari uko egin diote, eta horrez gain, EiTBrentzako bikoizketak egiten dituen estudioan lan egiteari utzuko diote. Haien egoera prekarioaren berri eman zuen Xabier Alkiza elkarteko kideak Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari lan baldintzak hobetzeko eta jarduna egonkortzeko eskatzen diotela jakinarazi zuen.

Datuak aztertze aldera, urtean hamabi bat film bikoizten dituzte Zinema Euskaraz programarentzako, baina haur eta gazteentzako lan horiez gain, ez dituzte helduentzako ikus-entzunezkoak bikoizten, Kultura Sailak jatorrizko bertsioaren alde egiten duelako, euskarazko azpidatziekin. Hori dela eta, 70 dira egun Hego Euskal Herrian jarduten duten bikoiztaile profesionalak, eta horien erdia, gutxi gorabehera, elebidunak.

Jaurlaritzako iturriek Faktoriari adierazi ziotenez, Biuseren eta Kultura Sailaren arteko azken bilera hitzarmenik gabe amaitu zen, eta beraz, elkarteak harremanak haustea eta planto egitea erabaki du. Honenbestez, egoera aldatu ezean, bi dira euskaraz ikusi ahal izango ditugun filmak: Dragon Ball Super: Broly (Tatsuya Nagamine) japoniarra, ostiral honetan bertan estreinatuko dutena; eta Lego 2 (Mike Mitchell eta Trisha Gum) estatubatuarra, dena ongi bidean, otsailean helduko zaiguna. Hortik aurrera, ezin jakin negoziazioak nola amaituko dituzten.