Euskal Zinemaren Eguna egingo dute bigarrenez hilaren 28an

EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak, Euskadiko Filmategiarekin eta Kimuak programarekin lankidetzan, iragan azaroan antolatu zuen lehen Euskal Zinemaren Eguna; bi asteko tartean, Euskal Herriko bederatzi aretotan eskaini zuten Alex de la Iglesia bilbotarraren Acción mutante (1993) zientzia fikziozko klasikoa. Datorren astelehenean, hilak 28, aldiz, Mireia Gabilondok eta Fernando Bernuesek 2006an aurkeztu zuten Kutsidazu bidea, Ixabel arrakastatsua proiektatuko dute Donostian, ekimenaren bigarren ekitaldian.

Ikusle gazteak zinemara hurbiltzeko eta belaunaldi berriei euskal zinemagintzaen klasikoak pantaila handian aurkezteko helburuarekin abiatu zuen EZAE elkarteak Euskal Zinemaren Eguna  2018aren hondarretan. Getxon, Durangon, Zornotzan, Donostian, Beasainen, Bilbon, Andoainen, Errenterian eta Zumarragan egin zituzten emanaldiak lau euroko prezioan, eta De la Iglesiaren Acción mutante filmarekin hiru hilean behin errepikatzeko asmoz sortutako egitasmoaren lehen harria jarri zuten.

Bada, bigarrena datorren astelehenean, urtarrilak 28, ezarriko dute Donostiako Antiguo Berri zinemetan emango duten filmarekin. Kutsidazu bidea, Ixabel euskal klasikoaren txanda izango da, 19:30ean eta lau euroren truke ikusgai. Eta filmaren zuzendari Gabilondo eta Bernues zein Iñake Irastorza aktorea bertan izango dira, proiektua aurkezten.

Aurretik, halaber, Asier Altunaren Artalde laburra eskainiko dute, 2010eko Kimuak katalogorako hautatua izan zen lana. Biek ala biek euskal baserri girora eramango gaituzte umorearen eskutik.