Datozen bi ostiraletan, urtarrilaren 25ean eta otsailaren 1ean, Zangozan egingo dituzten emanaldi bikoitzek zabalduko dute 2019ko Mendi Tour zirkuitu ibiltaria. Egitaraua guztiz itxita ez dagoela ohartarazi badute ere,  18 emanaldi inguru programatuko dituen egitaraua aurkeztu dute.

Emanaldi zirkuitu ibiltaria da Mendi Tour izena jasotzen duen zikloa, Bilbo Mendi Film Festibaleko film onenak erakusten dituen mostra. Abenduan ospatu zuten jaialdian nabarmendu ziren filmekin osatu dute ikusgai izango den aukeraketa eta, modu honetara, jaialdira hurbiltzerik izan ez zuten zaleei gerturatuko diete film espezializatuak ikusteko aukera.

Oro har, mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten da urtero luzatzen duten deialdira: alpinismoa, eskalada, abentura, mendi kirolak, ekologia, ingurumena… 2017ko urtarriletik aurrera ekoitzitako lanak izan dira aurtengo edizioak jaso dituenak, eta horien artean arrakasta gehien izandakoak zabalduko ditu Mendi Tourrek.

Guztira, 14.400 ikusle baino gehiagok gozatu zuten iaz Mendi Tour eskaintzaz. 50 hiri edo herri gehiagotan aurkeztu zituzten filmak, Euskal Herriaz harago, Errioxan, Kantabrian, Asturiasen, Andaluzian, Valentzian edo Katalunian atondutako ekitaldietan. Iazko zenbakiak hobetzea litzateke 2019rako prestatu duten mostraren xedea, eta hemezortzi geldialdiko zirkuitua atondu dute honezkero. Dena den, adierazi dute egitaraua behin-behinekoa dela, eta oraindik ere emanaldi proposamenak jasotzeko prest azaldu dira.

Lehenegoa Zangozan

Bihar, ostirala, abiatuko dute ekimena, Zangozako Karmengo Entzutegian egingo duten emanaldi bikoitzarekin. Iragan abenduan zinemaldia zabaldu zuen The Dawn Wall ( Josh Lowell eta Peter Mortimer, 2018) filmaren emanaldia izango da eguneko plater berezia, baina, horrez gain, Iñaki Atxa natura argazkilariaren Hartz eta otsoekin lotan (2018) film laburra izango da ikusgai. Izan ere, jaialdiarekin batera egiten duten Mendi Short 2018 lehiaketaren irabazle hautatu zuten filma.

Bigarren hitzordu bat deitu dute otsailaren 1erako. Horretan ere emanaldi bikoitza prestatu dute: Marten Persiel zuzendariaren The Search for the wooo (2018) film laburra batetik, eta Jennifer Peedomek zuzendutako Mountain (2018) bestetik.

Hauek dira, oraingoz, egitarauak hartuko dituen emanaldiak:

Urtarrilak 25 eta otsailak 1,  ZANGOZA
Otsailak 6, AZKOITIA
Otsailak 13-14, LEIOA
Otsailak 17, SONDIKA
Martxoak 1-2, CANET D’EN BERENGUER
Martxoak 4-6-7-8,  GASTEIZ
Martxoak 8-9, VIELHA E MIJARAN
Martxoak 11-12-13, TOLOSA
Martxoak 11-13, EIBAR
Martxoak 12-15, ESKORIATZA
Martxoak 15, ZUMARRAGA
Martxoak 22 eta 29, IGORRE
Martxoak 25-26-27-28, IRUÑA
Apirilak 4-6, HONDARRIBIA
Apirilak 20, CANGAS DE ONIS
Maiatzak 8, ORONA FUNDAZIOA-HERNANI
Maiatzak 9 eta 16,  ZALDIBAR
Maiatzak 16 eta 23,  ZARAUTZ