Itziar Leemans, Tamara Lucarini eta Estibaliz Urresola izango dira ‘NOKA Mentoring’ programaren lehenengo partaideak. Zineuskadik azaldu duenaren arabera, mahai-inguru ireki batek zabalduko du jarduera otsailaren 18an.

“Kulturan, eta, horren baitan, zinemagintzan, arrakala eta disfuntzio handi bat daukagu”, adierazi zuen Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak egitasmoa aurkeztu baino pixka bat lehenago, “emakumeek ez dute izan beharko luketen presentzia”. Muñozen arabera herri osoaren kezka bihurtu behar zegoen premisa hori, eta Jaurlaritzatik horretan aurrera urratsak ematen ari zirela adierazi zuen: “emakume zinegileen pisua eta ikusgarritasuna handitzen lagunduko duen egitasmoa izango da NOKA”.

Urrian egin zuten proiektuaren aurkezpena, eta hiru opera-prima aukeratu dituzte (fikziozko bi eta dokumentala den hirugarrena) lehen deialdi horretara aurkeztutako 17 ekoizpen-lanen artean. Estibaliz Urresola (Laudio, 1984), Itziar Leemans (Donoibane Lohizune, 1983) eta Tamara Lucarini (Basauri, 1987) dira beren proiektuak garatzeko hautatu dituzten sortzaileak.

Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da lehenengoa, eta Zinemagintzako Zuzendaritzarako masterra eta Film Bussinesekoa egin ditu Bartzelonako ESCAC zentroan. Ikus-entzunezkoaren hainbat formatu landu ditu bere ibilbidean zehar, eta sortzaile gisa ez ezik, zuzendari –laguntzaile edota script lanetan jardundakoa da ere. Egun, pedagogia bisualaren alorrean dihardu, PIXELATU kolektiboaren barruan. 20.000 especies de abejas izeneko fikzio-proiektua aurkeztu du NOKA programara, eskola-jarzarpena bizi duen haur baten bizipenetan oinarritutakoa.

Itziar Leemansek, ostera, Historia ikasketak egin zituen Tolosako (Okzitania) Unibertsitatean. Kubako EICTV zentroan jarraitu zuen prestakuntza, eta 2014an zuzendu zuen bertan Parque Lenin lehenengo lana, herrialdeko migrazioari buruzko dokumental intimoa. Uneotan, Agurra proiektuan ari da lanean, NOKA programara aurkeztu duen film luzean, alegia. Pettanen, 45 urteko erizain alargunaren, istorioa kontatzen du filmak; depresioak jota bizi da gizona, eta bi alabekin izango dituen gatazkek kinka larrian jarriko dute etengabe bere oreka hauskorra.

Azkenik, Tamara Lucarini zinegile gaztea izango da aukeratutako dokumentala defendatuko duena. Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua da EHUn, eta, Europa aldean denbora bat eman ostean, EHUra bueltatu zen Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra egitera. Dena den, beti izan du interesa zinemagintzaren munduarekin eta, «Ikus-entzunezko eta ikuskizunetako proiektuen errealizazioa» ikasketak egin ostean, egun BANATU FILMS etxearen katalogoaren banaketa-lanetan dihardu. El Paso dokumentalarekin aurkeztu da NOKA deialdira, eta haren bitartez familiako kontakizuna egingo du. Aitona zena, Joaquín Lucarini eskulturagilea, orain 50 urte hil zen; ez zuen ezagutu, baina beti egon da presente bere bizitzan. Haren legatua itzaltzen ari da, eta Tamararen kontzientzian hura gordetzeko beharrizana ageri da.

Programaren xehetasunak

Jaurlaritzak aurkeztutako ‘NOKA Mentoring’ erakundeak zinegileen ezaugarrietara ad hoc atondutako programa batetik abiatutako egitasmoa da. Prestakuntzaren lehen etapan gidoia eta tratamendua landuko dituzte sortzaileek, eta Celia Rico (Viaje al cuarto de una madre), Meritxell Colell (Con el viento) eta Marina Stavenhagen (Viaje redondo) egileen laguntza izango dute horretarako.

Zuzendaritza-faserako (tonua, ikuspegi bisuala, ikuspuntua eta abar), Anahí Berneri (Alanis), Garbiñe Ortega (Punto de Vista zinema-jaialdiaren zuzendari artistikoa) eta Mercedes Álvarez (El cielo gira) profesionalen laguntza izango dute, apirilaren 8tik 12ra bitartean. Ekoizpen-etapari dagokionez, aldiz, ekainaren 3tik 7ra bitartean, Itziar García Zubiri (Arena Comunicación), María Zamora (Avalon Producciones) eta Luisa Romeo (Frida Films) izango dira hautatutako mentoreak. Laguntza-prozesuaren azkeneko zatia, filma nazioartean zabaltzeko eta banatzeko estrategiekin lotua, urrian izango da, Silvia Iturberen (aholkularia) eta Marta Articaren (Golem Distribución) eskutik.

Era berean, zinemagintzako industriako profesionalei irekitako jarduera paraleloak izango dira mentoretza programak iraungo dituen aste guztietan. Topagunea sustatzea, ikus-entzunezkoen nazioarteko industriaren inguruko esperientziak trukatzea eta euskal zinemagintzaren industria-sarea sendotzea izango da aparteko jarduera hauen helburua, eta hain zuen, horietako bat hautatu dute programari hasiera emango dion ekitaldi gisa: Elkarrizketa-mahai bat antolatu dute otsailaren 18an, eta, Iratxe Fresneda zinemagile eta irakasleak moderatuta, gonbidatutako lehen hiru mentoreak izango ditu protagonista.