Hautatu dituzte 2019ko Laburbira ikusgai izango diren filmak. Martxoaren 20tik apirilaren 13ra bitarte ospatuko da zirkuitu ibiltaria, eta emanaldiak programatu nahi dituzten herrietako erakunde zein elkarteak galdegin dituzte.

Laburbira zirkuitu ibiltariaren helburua euskaraz sortutako pieza ‘freskoak’ ezagutzera ematea eta euskaraz ekoizten jarrai dezaten bultzatzea da, horregatik, Euskaltzaleen Topaguneak deialdi zabala egitea erabaki du beste urte batez, euskarazko film laburrak egiten dituen orok bere lanak aurkezteko aukera izan dezan.

29 proiektuk erantzun zioten iragan abenduaren 21era arte luzatutako deialdiari,  eta horietatik bederatzi izango dira hastera doan edizioan herriz herri zabalduko direnak:

–  Begi ninien koreografia , Arrate Fernandez Itsaso

Bideo Art honetan, maitasun istorio bizi bat kontatzen da, urratsez urrats. Musikatutako istorio hau pasioz hariklatzen da, bi pertsona hasieratik elkartzen diren unean sortutako txinpartatik, eta denboraren poderioz, garatzen doa pasio hori.

– Shel Phone, Miren Mujika

Mertxeren seme bakarrak pisu eroso eta moderno bat ipintzen dio amari, teknologia berriek amaren beharrei erantzungo dietelakotan. Mertxe domotikarekin gaizki moldatzen hasikoten da, baina semea jada ez.

– Ama, Josu Martinez

1915eko uda. Baxenabarreko Baigorri herriko auzo urrun batean, emakume bat gutun baten esperoan bizi da.

– Zapatak, Irati Murua

Animazio film labur honetan, bere amona Asunek gaztaroan bizitako gertaera bat irudikatzen saiatu da egilea. Hernanin gertatu zen, 50.hamarkadan, amona Asunek 16 urte zituela: misioetatik etxera bueltan zihoazen bost lagun, tren geralekuko bidetik barrena. Amona Asun eta Mari Karmen lehenak zihoazenm beste hirurak, berriz, atzean tebeoekin despistatuta.

– June, Arantza Ibarra

June 10 urtetako neskatila bakartia da. Bere osaba-izebarekin bizi da baserrian eta egunak pasatzen ditu bere kabuz, baserriko animaliekin jolasean edo bere irudimen bizia praktikan jarrita asmatzen dituen jokoetan. Bere lagunengana herrira joatea baino nahiago izaten du egunero kanpo- santura joatea. Bertan sekretu bat gordetzen du…

– Hotzean Garbitu, Maddi Barrenetxea eta Marta Teijeira

Bi ezezagun garbitegi batean aurkitzen dira. Hauen erlazioa garbigailuaren erritmoarekin parekatzen da. Hasieran, beraien arropa garbigailuan sartuko dute. Bata besteari hitzik esan ez arren, haien barne pentsamenduak aireratuko dituzte. Poliki-poliki behartua izan den elkarrizketa hori arintzen joango da, haien arteko desioa areagotuz.

– Erroak, Ane Zuazubiskar Iñarra

Duela urte batzuk bete zituen Maddik hogeita hamar. Erabakitzen ari dira ingurukoak, eta erabakitzeko gero eta denbora gutxiago uzten diote Maddiri. Eta hark ez du nahi, edo ez daki, edo ez du erabaki nahi.

– Handiak eta txikiak, Laida Ruiz

Neguko gau hotz batean, gure protagonista bere irudimenari esker mundu zoragarri batean murgiltzen da, bertan dauden arriskuei buruz ezer jakin gabe.

– Ilunpean, Lapatx Films

Badira hamabi begirekin ere aurkitu ezin dien gauzak. Ikusezinak. Norberak bakardadearen bilatu beharrekoak. Itsuen errealitatea begiekin antzeman daitekeena bezain erreala da.

Euskaltzaleen Topaguneak Laburbira jaso nahi duten eragileak galdegin ditu, haien herrietan emanaldiak programatzeko. Otsailaren 7ra arte luzatuko da eskaerak egiteko epea, eta leire@topagunea.eus  e-posta edota 674 34 57 56 zenbakiaren bitartez kudeatuko dira.