Zinema emanaldi andana prestatu dute egunotan Azpeitiko zein Donostiako Parte Zaharreko Gaztetxetan. Zine ziklo klaustrofobikue deituriko emanaldi sorta egingo dute lehenengoan, eta Rosa Luxenburg teorilariaren memoriari eskainitako saioa bigarrenean.
Jai giroko musika emanaldiekin edota militantzia esparruekin lotutako hitzaldiekin lotu ohi dugu gaztetxeen jarduna askotan, baina hori baino gehiago dira. Autogestioaren aterkipean, profil desberdineko gazteek antolatutako jarduera orotarikoen teilatu dira, eta geroz eta ohikoagoa bilakatu da zinema emanaldiak topatzea beren egitarauetan.
Hala, zazpigarren arteari eskainitako bi jarduera ezagutu ditugu aste honetan. Alde batetik, Zine Klaustrofobikue izenpean aurkeztu du Azpeitiko Gaztetxeak lau film bilduko dituen zinema zikloa. Laburra izanagatik, lehenago nekez jorratutako ezaugarri amankomun bat partekatuko dute proiektatuko diren film guztiek: lokalizazio bakarrean filmatutako lanak dira, izan etxebizitza bat, gela bat, kotxe baten barrukaldea…
Gaur, urtarrilaren 17an, abiatuko duute Mustang (Deniz Gamze Ergüven, 2015) filmaren emanaldiarekin, eta ondoko hauekin osatuko dute datozen egunetan: urtarrilaren 31n, Death and the Maiden (Roman Polanski, 1994); otsailaren 7an, 12 Angry Men (Sidney Lumet, 1957); eta, azkenik, otsailaren 14an, El angel exterminador (Luis Buñuel, 1962).
Rosa Luxenburg Kijeran
Bestetik, Rosa Luxenburg oroituko duen emanaldia atondu dute Donostiako Parte Zaharreko Kijera gaztetxean. Gaurko egunez egingo dute saioa, 19:30ean, eta Margarette Von Trotta zuzendariaren Rosa Luxemburg (1986) izango da ikusgai. Kutsu biografikoa du filmak, eta Luxenburgen erahilketatik 100 urte bete direnean ekarri nahi izan dute gaztetxera. Kijerako zineforoko arduradunez gain, Komite Internazionalistak elkartearen babesa izango du ekimenak.