Zuzendaria: Ali Abbasi
Urtea: 2018
Herrialdea: Suedia-Danimarka

–Barne munstroak–
Lurreko kultura guztietako mito eta kontakizunetan munstroak nonahi ageri dira, “izadiaren legeetatik kanpo eraturiko izaki bizidunak” bezala deskribatuak, eta gehienetan, izua eta beldurra sortarazten dute. Literaturan eta zinean beldurrezko generoa aproposa izaten da horrelako izaki fantastikoak erakusteko eta baita azpigenerotzat hartzen da batzuetan. Gizakion amesgaiztoen edukia munstroek, deabruek, mamuek edo bidutziek osatzen dute, eta askotan ikertua izan den bezala, naturaz gaindiko izaki horiek gure beldurrak agerian ipintzen dituzte. Beste modu batean esanda, ispiluak islatzen digun irudi itsusi eta bihurria lirateke, ikusi nahi ez dugun hori.

Border/Gräns filmak bi protagonista berezi ditu, Tina (Eva Melander) eta Vore (Eero Milonoff). Tina suediar aduanako agente bat da eta bere usaimen bereziak kontrabandozko objektuak aurkitzeko ahalmena ematen dio. Egun batean gizon baten lotsa usainduko du eta bere mugikorrean memoria txartel susmagarri bat topatuko du, bertan haur pornografiari buruzko irudi ugari gordetzen dituelarik. Tinak duen itxura ez da arrunta, gizaki baten antza du, bai, baina tankera aberetiarra ere, beste garaiko gizaki baten antzera. Bere egunerokoa aduana eta etxe artean igarotzen du, bertan txakur entrenatzailea den Roland izeneko gizon batekin bizitzen, interesik gabeko errutina batean murgilduta. Baina orduan aduanan Tinaren itxura berdintsua duen gizon bat azaltzen da, aparteko usainarekin eta gainera, sexu berezitasun arraro batekin. Vore agertu da, erabat iraulduz du Tinaren errutina eta bizitza.

Hemendik aurrera filmaren gorabeherak Tina eta Voreren arteko topaketetan oinarrituko dira, eta hasieran bitxia zirudiena, erakarpena bihurtzen joango da. Erlazioaren intimitatean, Tinak bere baitan gorderik zuen sexu berezitasuna ere aurkituko du, eta Vorek benetan zer den jakinaraziko dio. Ez dira gizakiak, trollak dira. Hala ere, fantasiazko osagai honek ez du Border/Gräns filmak duen sakontasuna gutxitzen, aurretik aipatu dudan moduan, munstroa agertzeak ispiluak erakusten duen benetako isla osatzen baitu.

Ali Abbasi iraniar jatorriko zuzendari suediarrak bere bigarren filma den honetan argi utzi du zinean zerk erakartzen dion, gizakion kontraesanak gizartearen egiturek eskatzen diguten normaltasunaz haraindi joaterakoan, batez ere gure baitan gordetzen dugun animaltasuna agertzen denean. Horregatik da, Border/Gräns film oso erakargarria: Tina eta Vore gizartean ez direlako eroso sentitzen, eta alegiazko paradisu batera ihes egitera bultzatuak direlako, Finlandian omen dagoen trollen paradisua. Desberdinak direnak baztertuak izaten ohi dira gure gizartean, eta Border/Gräns bezalako filmek guztiak mugatik gertu gaudela erakusten digute (hori da filmaren izenburuaren esanahia, muga).

Border/Gräns filma John Ajvide Lindqvist suediar idazlearen liburu motz batean oinarritua dago. Lindqvisten beste eleberri batek zinean ere moldaketa izan zuen, Låt den rätte komma in (Tomas Alfredson, 2008), hain arrakastatsua estatubatuarrek ere beste moldaketa bat egin zutela: Let Me In (Matt Reeves, 2010). Nahiz eta istorioak desberdinak diren, bietan munstroek gugan bideratu ditzaketen kezkak agertzen dituzte, iruzkindu dugun filman trollak, eta besteetan, banpiroak. Azken finean, munstroak gu gara.