Akira Kurosawa zuzendari japoniarra omenduko dute Iruñean haren filmez osatutako pelikula ziklo baten bitartez. Iragan larunbatetik hasita eta otsailaren 23a bitartean, pelikula bana proiektatuko dute larunbatero hiriburuko Kondestable aretoan.

Hogeita hamar izenburutik gora izenburu ditu Kurosawaren filmografiak, baina horiek guztiak ekartzeko ezintasunez, zinegilearen ondarea aztertuko duen aukeraketa bat ondu dute antolatzaileek. Bada, Hitzordua Shubûn / Escandalo (1950) hasi eta Dodeskaden (1970) filmarekin bu­katuko da ekimena. Zinemagintzari eskainitako hogei urte, kasu honetan, zazpi peliku­len bitartez kontatuta.

Hauek dira, beraz, ikusgai izango diren filmak:

  • Urtarrilak 12, 19:30ean. SHUBUN / ESCÁNDALO (1950). Bainuetxe batean zeudelarik, Aoye margolariaren eta Miyako izeneko opera abeslari famatuaren argazkia hartu dute egunkari sentsazionalista bateko paparazziek. Kazetariek istorio faltsu bat asmatuko dute argazkia oinarri bezala hartuz, eta argitalpenak zalaparta handia eragingo du. Aoyek, aldizkaria salatzeko asmoz, Hiruka abokatu entzutetsua kontratatuko du orduan. Kazetaritza sentsazionalistaren aurkako kritika da filma bikaina.
  • Urtarrilak 19, 19:30ean.  IKIRU / VIVIR (1953). Bizitzaren zentzua aurkitzeko beharrari buruzko existentzia-hausnarketa bikaina. Bizimodu arrunt eta monotonoa zeraman Kanji Watanabe izeneko funtzionarioak, minbizi sendaezin bat diagnostikatu zioten arte. Une hartatik, bere bizitzari zentzu bat aurkitzeko beharra sentituko du. Kurosawaren filmik goraipatuena dugu hau.
  • Urtarrilak 26, 18:00etan. SHICHININ NO SAMURAI / LOS SIETE SAMURAIS (1954) (Atsedenarekin). XVI. mendeko Japonian kokatutako istorio honek hainbat bertsio iradoki ditu, western-a eta haurrentzako animazioa barne. Gaizkile-talde bat behin eta berriz erasotzen eta arpilatzen ari da babesgabeko herri bat. Herriko agure baten aholkua jarraituz, baserritar talde batek hirira jotzen du nekazariak babes ditzan samurai talde bat kontratatzeko asmoz. Nahiz eta jasoko duten soldata bakarra janaria eta bizitokia izango diren, samurai talde bat elkartuko da herrirantz abiatuko den taldea osatu arte.
  • Otsailak 2, 19:30ean. KIMONOSU JO / TRONO DE SANGRE (1957). William Shakespeareren Macbeth, XVI. mendeko Japonia feudalera moldatuta. Taketori Washizu eta Yoshaki Miki generalak gudu batetik garaile bueltatzen ari dira, atso arraro batekin topatuko direnean. Atsoak Washizu Ipar-Gazteluko jauna bihurtuko dela iragarriko du. Une hartatik aurrera, Washizuren emazteak  gerlaria zirikatu egingo du bere patua bete beharra buruan sartu arte.
  • Otsailak 9, 19:30ean. YOJIMBO / EL MERCENARIO (1961). XIX. mendean, oraindik feudala den Japonian, samurai bat herri txiki batera helduko da, zeinean bi mertzenario-talde lurraldea menperatzeko borrokan ari diren. Heldu berriak gerrari garaiezina izatearen irudia emango du, eta bi taldeen nagusiak beren armadara batzen ahaleginduko dira.
  • Otsailak 16, 19:30ean. TENGOKU TO JIGOTUEL INFIERNO DEL ODIO (1963). Bere enpresa-bizitzarako une erabakigarri batean dagoela, Kingo Gondo izeneko zapata enpresa baten zuzendariak, bere semea bahitua izan denaren berri jasotzen du. Gaizkileek Gondo bankarrotan utziko lukeen diru kopuru handia eskatuko dute hura askatzearen truke. Gondok ordaintzea erabakiko du, baina etxera heltzean jabetuko da bahiturikoa bere txoferraren semea dela. Thriller gogoangarri honek azalduko du, era sutsu eta larrian, Gondoren aberastasuna eta ohorearen arteko aukeraren dilema morala.
  • Otsailak 23, 19:30ean.  DODES‘KA-DEN (1970) . Kurosawaren lehenengo kolorezko filma dugu hau, Tokioko behe-auzoko biztanleen elkarloturiko istorioak kontatzen dituena. Auzotar hauek guztiek (zaborraren artetik tranbia bat gidatzen ari dela irudikatzen duen mutil zoratua, bere osaba trakets eta despotikoaren menpean paperezko loreak egiten dituen neskatoa, bere etorkizuneko luxuzko etxearekin amets egiten duen bitartean, bere semarekin auto abandonatu batean ozta-ozta bizitzen ari den eskalea) irudimena erabiltzen dute haien pobrezia eta alkoholismo-egoerei aurre egiteko.