Sundance Film Festival, urtarrileko azken bi asteetan zehar, Park City udalerrian (AEB,Utah) ospatu ohi den nazioarteko zinemaldia da. Helburu nagusia, zinemagintza independenteari bultzada ematea izaten du. Robert Redford aktoreak eta estatuko gobernadorea zen Scott Mathesonek bultzaturik, Hollywoodeko industria erraldoitik at zeuden zinemagile gazteei aukera eskaintzeko ideiarekin garatu zen, nahiz eta azken urteotan kontzeptu honetatik kanpo dauden hainbat film ere aurkeztu izan diren. Aurtengoa, Urtarrilaren 24a eta Otsailaren 3a bitarte ospatuko da. Programazioa oso zabala izango da (100 filmetik gora), baina txori begirada botaz, hauek izan litezke interesgarrienak nire ustez:

 

‘Leaving Neverland’ (Dan Reed)

Hautsak harrotuko dituen dokumentala, zalantza izpirik gabe. Michael Jackson-en irudian izango du ardatz, bai, baina kasu honetan zazpi eta hamar urteko ume batzuen ustezko bortxaketa izango du ardatz. Egun, 30 urte inguru dituzten ume horien testigantzak bilduko ditu.

.

‘Extremely Wicked, Shockingly Evil and Vile’ (Joe Berlinger)

Ted Bundy serieko hiltzaile ezagunaren inguruko filma. Protagonista Zac Efron izango da (Bundy gorpuztuaz), baina filma Lily Collins aktoreak gorpuztuko duen  bikotekidearen ikuspuntutik azalduko digute.

.

‘Paradise Hills’ (Alice Waddington)

Erne, jatorri euskalduna duen Alice Waddington bilbotarrak filma aurkeztuko duelako! Gidoia gainera Nacho Vigalondok idatzi du. Istorioa barnetegi moduko batean kokatuko da, eta protagonistak Emma Roberts, Eiza González, Awkwafina, Jeremy Irvine eta Milla Jovovich izango dira.

.

‘I am Mother’ (Grant Sputore)

Zientzia fikziozko thriller bitxia. Lur-azpian, robot batengatik hezia izan den nerabe baten ingurukoa. Tartean, ama-robot horren gustukoa izango ez den Hilary Swank-ek gorpuzturiko pertsonaia sartuko da.

.

‘Velvet Buzzsaw’ (Dan Gilroy)

Trailerra ikusi nuenetik, film honen izenburua garunean txertatua geratu zitzaidan. ‘Nightcrawler’ film zoragarriaren zuzendariaren lan berria. Netflixen ekoizpena izango da eta protagonista nagusiak  Jake Gyllenhaal, Rene Russo eta  Toni Collette izango dira.

.

‘Honey Boy’ (Alma Har’el)

Shia LaBeouf aktore polemikoaren nabarmenkeria berria. Bere bizitzaren inguruko filma idatzi du, baina ez hori bakarrik, filmean bere aita gorpuztu baitu.

.

‘Untouchable’ (Ursula Macfarlane)

“Polemika” hitza ordezkatuko duen beste bigarren izenburu bat izango dugu ere. Dokumental honetan, Harvey Weinstein-en irudia aztertuko baitute, famatu eta dirudun egin zenetik, munstro bilakatu den arte.

.

‘The Souvenir’ (Joanna Hogg)

Tom Burke eta Tilda Swinton izango dira 80ko hamarkadan girotutako film honen protagonistak. Zinema ikasketak burutzen ari den gazte bat, maitasun istorio korapilatsu eta ez-fidagarri batean murgilduko denari buruzkoa.