Apirilaren 12an helduko da Hego Euskal Herriko zinema-aretoetara Fernando Bernuesek zuzendutako Soinujolearen Semea (2019). “Adiskidetasunari, traizioari eta indarkeriari buruzko istorio hunkigarria” dela aurreratu du zuzendariak.Antzerkirako egin zuten moldaketak jasotako arrakastaren ostean, zinemarako egokitu dute ere Bernardo Atxaga idazlearen eleberri ezaguna. Hiru garai desberdinetan banatu dute adiskidetasuna, traizioa eta indarkeria nahasten dituen istorioa (haurtzaroa, 20 urteetako gaztetasuna eta, azkenik, 50 urte ingurukoa) Euskal Herriko istorioaren ikuspegi desberdinak biltzeko helburuarekin.
Zuzendariaren hitzetan, sentimenduetan jarriko du indarra Soinujolearen Semeak, hogeita bost urtez harremana etenda izan ondoren, berriro ere topo egingo duten bi lagunen harremanean: “Iraganaz hitz egiteko, eta sozialki metaforikoa izan daitekeen isiltasuna apurtzeko azken aukera izango dute aspaldiko lagun min horiek.
Proiektu indartsua da, eta sona handiko profesional ugarik osatu dituzte talde artistiko zein teknikoak.Lehenegoari dagokionez, Aitor Beltran eta Iñaki Rikarte dira protagonista nagusiak, David eta Joseba protagonisten larruazalean jarriko direnak. Zerrenda artistikoan ageri dira ere Cristina Merchan, Bingen Elortza, Mikel Losada, Asier Hernandez, Joseba Apaolaza, Mireia Gabilondo, Miren Arrieta, Laia Bernues edota Eneko Sagardoy.
Arlo teknikoari dagokionez, Patxo Telleriak egokitu du gidoia, Gonzalo (Kalo) Fernandez Berridi aritu da argazki-zuzendaritza lanetan, eta Fernado Velazquez sortzailearena da musika. Muntaketari dagokionez, Raul Lopezek osatuko du kontakizun lerroa; Saioa Lara arituko da jantzitegi lanetan; eta Karmele Soler eta Olga Cruz arduratuko dira makillaje eta ile-apainketaz. Tentazioak eta Abra Produkzioak ekoiztetxeen arteko elkarlanaren emaitza da proiektua, eta Filmax eta Barton Films izango dira banatzaile lanetan arituko direnak.