Amaitu da Dock of the Bay jaialdiaren 12.edizioa, eta iragan larunbatean, urtarrilaren 12an, iragarri zuten palmaresa: La estrella errante (2018) lanak eskuratu du dokumental onenaren sari nagusia, eta Lou (2018) euskal filma saritu du publikoak.

‘Lou’ (2018) filmaren fotograma.

Mercedes Martinez-Abarcak, Rotterdameko Zinema Jaialdiko programazio batzordeko kideak, Mostra de València jaialdiko Eduardo Gillotek eta Maria Arnal abeslariak osatu dute lanak aztertu eta baloratzeaz arduratu den epaimahaia. Eurek erabaki dute La estrella errante (Alberto García, 2018) filmari ematea 2019ko Dokumental Onenaren saria: “Ertzak erdigunean kokatzen dituen kontakizun eredu baten bitartez, dokumental-musikalaren generoaren mugak hedatzen dituelako eta haluzinazioko bidaia batean murgiltzen duelako ikuslea”.

Saririk ez, baina aipamen berezia egin diote epaimahaikideek Claudia Priscilla eta Kiko Goifmanen Bixa Travesti (2018) filmari. Biziki bortitza den errealitate soziopolitiko baten zona mugakideetan dagoen protagonista ezohiko baten irudia ekarriko du filmak lehen lerrora, ezezaguna ikusaraziz eta aldarrikatuz. Zuzendariaren lana nabarmendu nahi izan du epaimahaikideen aipamenak.

Euskal filmei dagokionez, Usoa Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrioren Lou (2018) lanak eskuratu du publikoaren saria. Lou Olangua euskal rockaren emakumezko aurrenetako ahotsa izan zen 80ko urteetan. Humedecidos, OK Korral eta Las Lagartas taldeetako abeslaria, besteak beste. Ahots bat baino askoz ere gehiago izan zen: probokatzailea, bai estetikan bai jarreran, eszenarioen gainean zenean. 80ko urteetan emakumeak eszenarioetan hartzen duen lekuari buruzko dokumentala da hau, euskaraz abestearen erabakiari eta garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantziari buruzkoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak banatzen duen sariak osatu zuen sari zerrenda. Kasu honetan, Cantares de una Revolución (Ramón Lluís Bande, 2018) filmari egin zion aitortza erakundeak, “bere balio soziologiko ukaezinagatik, eta Espainia garaikidean ahaztuta izan den gertakari tamalgarri bat gogora ekartzen duelako”. Izan ere, herri musika mapatzat hartuta, Nacho Vegas musikariak Asturiasko langile eta nekazarien altxamenduaren paisaia izandako leku adierazgarrienetatik egindako ibilbidea erakutsiko digu.