Zinema-aretoek Europa eta Iberoamerikako filmen kopiak eskuratzeko laguntzen berri eman du Zineuskadi elkarteak. Gaur goizean iragarri dute 2018ko deialdiko eskaera onuradun eta ukatuen zerrenda.

2018ko ekainean argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak atzerriko pelikulen kopiak eskuratzeko bideratutako laguntzaren deialdia, Zineuskadi elkartearen webgunean. Finkatutako araudiari jarraiki, aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertu dituzte hilabeteotan, eta gaur zabaldutako komunikatuan eman dute horien ebazpenaren berri.

Zineuskadik aipatu duenez, hitzarmen horretan jasota dago era berean Zinema Euskaraz programako filmen kopiak alokatzeak eragindako gastuak diruz laguntzeko kontu-saila.

Bi laguntza modalitate bereizi ditu deialdiak, areto eskatzailearen pantaila kopuruari erreparatuta. Bada, ‘A modalitatea’ deiturikoan bildu dituzte gehienez ere hiru pantaila dituzten zinemak, eta ‘B modalitatea’ izendatutako talde txikiago batean hiru pantaila baino gehiagokoak. 132.000€ -ko diru-poltsa banatuko dute lehengo taldea osatzen duten onuradunen artean, eta, aldiz, 28.000€ -ko laguntza banatuko dute bigarrenean. Orotara, 160.000€ -ko aurrekontua bideratu Eusko Jaurlaritzak aretoek atzerriko filmen kopietara sarbidea izan dezaten.