Euskal Zinemaren azken bost hamarkadak zeharkatuko dituen atzera begirakoa atonduko du Jose Julian Bakedano zinema-zuzendari eta gidoilariak Bilboko Arte Ederren Museoan. Bihar ostirala, urtarrilaren 11, abiatuko dute, eta apirilera arte luzatuko dira emanaldiak.

Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968) filma zabalduko du atzera begirakoa, eta Paul Urkijoren Errementari (2017) lanak itxiko du. Hainbat genero landuko dituzte tartean, dokumentaletik dramara arte, thrillerrak eta komediak igarota. Hogeita hamar lan aukeratu ditu Bakedanok, eta Euskal Herriko zinema ekoizpenaren eboluzioari erreparatuko dio publikoak horien bidez.

Arestian aipatu bezala, bihar egingo dute lehen saioa, Ama Lur (1968) filmaren proiekzioarekin. Gurean errodatutako lehenengo ikus-entzunezkoa izan ez bazen ere, euskal zinema esaten zaion ‘horren’ aitzindari jotzen dute askok. Euskal Herriaren irudi lirikoa jasoko du pantailan, alderdi etniko, historiko, geografiko eta artistikoan ere bai.

Atzetik etorriko dira azken 50 urteetan mugarri izan diren beste hainbat film: La casa sin fronteras (Pedro Olea, 1972), El espiritu de la colmena (Victor Erice, 1973),  Arrebato (Ivan Zulueta, 1979), Tasio (Montxo Armendariz, 1984), Ander eta Jul (Ana Diez, 1989), Días Contados (Imanol Uribe, 1994), La Caja 507 (Enrique Urbizu, 2002), La pelota vasca (Julio Medem, 2003),  Asier eta biok (Aitor Merino eta Amaia Merino, 2013) edo Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014), besteak beste.

Ikusi zikloaren egitarau osoa, hemen.