Iragan mendeko zinematografia nabarmenenaren lagin bat egongo da ikusgai Bilboko Azkuna Zentroan, urtarrilaren 9tik apirilaren 11ra bitarte egingo duten zinema zikloan. Federico Felliniren Otto e mezo (1963) filmak zabalduko du egitaraua, eta hamarnaka izenburu etorriko dira atzetik.

“XX. mendeko ikonografiaren zati handi baten oinarria den irudi bat eraikitzeko balio izan duten maisulan batzuekin gozatzea da zinemagintzaren historia ezagutzeko modurik onena”.  Honela aurkeztu dute Azkuna Zentroko Zinetekaren programatzaileek urtea zabalduko duen pelikula sorta berria. Arrazoirik ez dute faltan, eta zinemazaleon ekosistema ere geroz eta kontzienteagoa da. Hala, errekurtso geroz eta ohikoagoa bilakatu dira zinegile edota genero jakin batzuei eskainitako atzera begirakoak.

Egile eta gaien nahasketa erraldoia da eragile Bilbotarrak proposatu duena, begirada bat atzean utzitako mende oso bati. Hollywoodeko zine-estudioetatik abiatu eta egile frantsesen teorietara helduko da ere, modu irmoan, zuzendarien edo ekoiztetxeen irudian oinarrituta.

Leni Riefenstahl, Howard Hawks, Jim Jarmusch, Friedrich Wilhelm, Arthur Penn, Michelangelo Antonioni, Stanely Donen, Gene Kelly, Wim Wenders dira, besteak beste, pelikula zikloak hizpide izango dituen zinegileak. Arestian aipatu bezala, ia hogeita hamar izenburuz osatutako bilduma izango da, eta apirilaren 30a arte luzatuko da. Federico Felliniren Otto e mezo (1963) izango da lehena, bihar 17:30ean, eta guztiak emanaldi bikoitzak izango direnez, Agnès Vardaren Cléo de 5 à 7  (1967) pantailaratuko dute ondoren, 20:00etan.

Ikusi programazio osoa, hemen.